Eremu gorrian sartu ez bada ere, Getarian gora doa 100.000 biztanleko hamalau eguneko tasa metatua. Azkeneko datuekin, hain zuzen, 1.236,75ekoa da intzidentzia tasa. Getariako EAJ taldeak ohar bat argitaratu du gaur, eta azaldu du azken zortzi egunetan 24 getariarrek eman dutela positibo; "eta ez du ematen joera aldatuko denik hurrengo egunetan". "Kontuan izanda Labik markaturiko parametroak igandeko datuak hartzen dituela kontuan, Getariak irekita jarraitzen du", nabarmendu dute EAJko kideek. Dena den, joan den asteleheneko datuekin, herria "itxita" egongo litzatekeela esan du.
Egoera horretan Getariako udal gobernuak "neurririk ez hartzea" gaitzetsi du EAJk, eta leporatu dio "Labiren itxiera aginduaren zain egotea hurrengo astelehenera arte". "Neurriak ahalik eta azkarren hartu behar dira", adierazi dute jeltzaleek. "Lankidetzarako deia" ere egin diete udal gobernuko kideei.
Sei neurri
EAJko kideek sei neurri zehatz hartzea eskatu diote udal gobernuari, hain zuzen:
- "Ekitaldi publiko oro etetea" intzidentzia tasa 400etik beherakoa izan arte.
- "Udal instalazio publiko oro ixtea"; besteak beste, kiroldegia eta liburutegia.
- "Aglomerazio puntuak ekiditeko" "baliabide gehiago" martxan jartzea.
- Segurtasun edota aforo neurriak "kontrolatzeko" "baliabide gehiago" abiatzea.
- "Kalte ekonomiko oro kuantifikatzeko eta epe motzean horiek konpontzeko irtenbideak
prestatzen hastea", eta kaltetutako "sektore ekonomikoei laguntzea". - "Bi alderdien arteko elkarlanerako mahaia sortzea, lankidetzan pandemiari aurre egiteko".