Getariako kiroldegian boulderra jarri dute, eta datozen egunetarako ate irekien jardunaldiak antolatu dituzte. Gaur eguerdian aurkeztu dute kirol azpiegitura Getariako Udaleko kirol zinegotzi Ekaitz Estebanek eta Sahatsaga kiroldegiko kudeatzaile Jose Inazio Atorrasagastik, eta «oso gustura» daude emaitzarekin. Boulderra kiroldegiko azken solairuan kokatuta dago, eta igogailuz iritsi daiteke bertara. «Lehen eremu hau biltegi bezala erabiltze genuen, eta espazioa aprobetxatu genezakeela pentsatuta, eskalatzen adituak diren hainbat getariarrekin jarri ginen harremanetan. Boulderra jartzeko toki aproposa zela azaldu ziguten, eta martxan hasi ginen», adierazi du zinegotziak.
Lanak 13.000 euroko kostua izan du, eta Azpeitiko Natural Progression enpresak egin du.
Hiru ardatz
Getariako kiroldegiko boulderrak hiru ardatz izango ditu: Eskola, kiroldegiko ikastaroak eta erabiltzaileak. Alde batetik, eskolak gune berria erabiltzeko aukera izango du psikomotrizitatea eta gorputz heziketa lantzeko. Estabanek azaldu duenez, eskolako arduradunek «oso gustura» hartu zuten proposamena, eta datorren ikasturtetik aurrera, hasiko dira boulderra erabiltzen.
Bestetik, irailetik aurrera kiroldegiak ere eskainiko ditu eskalada ikastaroak boulderrean. Azkenik, eskalada munduan ibiltzen den herritarrek ere izango dute bertan aritzeko aukera. Bazkideek doan erabili ahal izango dute, eta bazkide ez direnentzat tarifa bereziak zehaztu dituzte: eguneko sarrera bi euro kostako da eta hilabetekoa 13 euro.
Ate-irekiak
Datozen bi asteetan ate irekien jardunaldiak egingo dituzte boulderrean, eta eskaladan aritzen den herriko boluntario talde batek zuzenduko ditu. Hala, Estebanek aurkezpena aprobetxatu du ekimenean parte hartu duten boluntarioei eskerrak emateko.
Bihar, gurasoei zuzendutako saioa egingo dute, haurrekin joaten direnean boulderra nola erabili behar den jakin dezaten. Apirilaren 20, 22, 24, 27 eta 29an eta maiatzaren 2an, berriz, haurren txanda izango da. Ate-irekietan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da, Getariako kiroldegira (943- 14 04 32) hots eginda.