Gaur, astelehenarekin, Repsol etxeak gastronomia arloko sariak banatu ditu Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egin den ekitaldian. Hirugarren urtez jarraian egin da sari banaketa Donostian, eta aurtengo edizioak 180 gonbidatu juntatu ditu. 'Gure sukaldeak ez dira itzaltzen' lemapean antolatu dute aurtengo edizioa, izurritea dela-eta, jatetxeek azken hilabeteetan izan dituzten zailtasunei erreferentzia eginez.
Getariako Elkano izan da hirugarren eguzkia jaso duen jatetxeetako bat; Aitor Arregirekin batera, Jordi Vilak (Alkimia jatetxea, Katalunia) eta Paco Perezek (Miramar jatetxea, Katalunia) ere jaso dute bereizgarri bera.
Repsol sarien zerrenda orokorrean, Espainiar estatuan 422 jatetxek dute Eguzki bateko bereizgarria, 154k bikoa eta 42k hirukoa; aurrerantzean, Elkano izango da horietako bat.