Orain sei urte hasi zituen Getariako Udalak memoria historikoa berreskuratzeko lanak, eta hainbat ikerketa eta ekitaldiren ondoren, "gaur lanketa baten etapa itxita gelditu da" herritarrei aurkeztu dieten liburuarekin: Getaria 1936-1945, Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoa izeneko lanarekin, hain zuzen, aurkezle lanak egin dituen Iker Azkuek esan duenez.
300 liburu inguru banatu dituzte ekitaldi amaieran; bi liburukinetan jaso dute guztia, eta beraz, 600 ale inguru banatu dituzte, eta beste hainbat Turismo Bulegoan utzi dituzte herritarrentzat eskuragarri.
Lana Aranzadi zientzia elkarteak egin du "hainbat erakunderen laguntzarekin", besteak beste udalaren, aldundiaren eta Jaurlaritzaren Gogora Institutuaren bultzadarekin.
Ehundik gora herritar gerturatu da liburuaren aurkezpenera, eta bertan izan dira udal zinegotziak (EH Bildukoak eta EAJkoak) nahiz Aintzane Ezenarro Gogora Institutuko zuzendari getariarra, besteak beste.
Ekitaldia Eñaut Elorrieta abeslariak hasi du askatasunari buruzko abesti eder eta indartsu bat kantatuz gitarra baten laguntzarekin. Gero jakinarazi dute gerra garaian hildako getariarren zerrenda eguneratu egin dutela, eta lehen 26 baziren, orain 35 direla guztira.
Zerrenda luzatuz
Hilerriaren erdian jarritako monolito batean daude izen guztiak, eta gaur, hain zuzen, liburua aurkeztu aurretik beste ekitaldi xume bat egin dute udalak eta Aranzadik hilerrian bertan, izen berriei krabelin gorriak eskainiz. Orduko ekitaldian Haritz Alberdi alkateak hildako guztien izen-abizenak irakurriz hartu du hitza.
Bada, aurkezpenean ere jakinarazi dute zerrendara gehitutako pertsonen izen-abizenak zein diren, eta Rosa Uzin herritarrak banan-banan izendatu ditu, beren bizitzei eta heriotzei buruzko datu batzuk emanez: Luis Torres Rodriguez, Bautista Aginaga Otegi, Antonio Zubiaga, Ignacio Olaziregi Alzaga, Pastor Azkue Ibarbia, Jose Joakin Iruretagoiena Olaskoaga, Inaxio Mari Aranguren Burgaña, Ramon Nieto Aguado, eta izena ezagutzen ez den pertsona bat, Getariako hilerrian aurkitua 2016an.
Aurreskua eskaini dute ondoren musika eskolako bi irakaslek (batek biolina jo du eta besteak dantza egin), eta Aranzadi elkartekoek hartu dute hitza gero. Juantxo Agirrek azpimarratu du "erakunde publiko guztien laguntza" dagoela Euskal Herrian "egiaren bila" aritzeko, "erraztasun hori" badagoela nabarmendu du, eta beste ideia bat ere partekatu du bertaratu diren herritarrekin, alegia, duela 80 urte gerra irabazi zutenek gorroto zuten guztia garaile dela orain, eta "demokrazia, euskalgintza, euskal unibertsitatea" aipatu ditu adibide gisa.
Bestetik, ordea, bai Agirrek, bai ondoren hitza hartu duen Ione Zuloaga ikertzaile azkoitiarrak, nabarmendu dute gerra hasi eta 85 urtera iritsi dela liburua.
Horregatik, Zuloagak "eskerrak" eman dizkie "eztarrian hainbeste urtez korapiloa" eduki duten getariarrei, "orain askatzeagatik eta gurekin hitz egiteagatik". Luze eta zabal hitz egin du Zuloagak, liburuari eta ikerketari buruzko zenbait xehetasun emateko batetik, baina baita eskerrak emateko ere hainbat eta hainbat pertsonari. Tartean, bere lankideei, herritarrei eta udal ordezkariei.
Emakumeen historia ere jasota
Errepresioa jasan zuten getariarrei dagokienez, zenbait izen eta pasarte aipatu ditu Zuloagak, baina erreferentzia garbia egin nahi izan die emakumeei, "isilean eta ezkutuan" gelditu izan delako haien gerra garaiko historia. Esan du Aranzadi beti saiatzen dela ikerketa lanetan emakumeei gertatutakoak jasotzen.
Izen bat baino gehiago aipatu duen arren, Isabel Etxeberriarena izan da errepikatuena. Getariara maistra etorria gerra hasi zenean, lana galdu zuen frankistak herrian sartzean, eta Zuloagari bere testigantza eman zion orain hilabete batzuk, Katalunian bizi arren eta 100 urtetik gora eduki arren.
Aranzadiko kideek gogoratu dute argi dagoela errazagoa dela iraganeko akatsak ez errepikatzea hura ondo ezagutzen eta transmititzen denean. Horregatik, bai Agirrek, bai Zuloagak, aipatu dituzte gazteak eta etorkizuneko belaunaldiak.
Zuloagak "isiltasuna apurtu eta egia jakiten laguntzeagatik" eskerrak emanez amaitu du bere hitzartzea, eta han bildutakoen harridura eta hunkidurarako, Mikel Laboaren Gure hitzak abestiaren zati bat abestu du: Zer dio isiltzen denak/
Isiltzen denean?.../Gure hitzak/Esan berriz esan/Ez daitezela ahaztu/Ez daitezela gal...
"Ez naiz neutrala" esan du alkateak
Itsaso Ezenarro eta Amets Etxabe herritarrak igo dira ondoren oholtzara, eta liburuan jasotako testigantza zati mordoa irakurri dituzte txandaka; latzak gehienak, umore puntu bat zuten gutxi batzuk ere bai. Azkena irakurri duten testigantzak honela zioen: "Orduan bizirik gelditu ginenak, derrigor gogorrak atera behar".
Ekitaldia amaitzeko Haritz Alberdi alkateak hartu du hitza. Hark ere musika talde bat eta abesti bat aipatu ditu, hain zuzen Berri Txarrak taldearen Maravillas abestia, eta zati bat irakurri du: "Norbaitek oroituko ditu etorkizunean/ ahanzturaren zingira honetan ito dituztenak/ abesti berriren batean/ zuhaitz zaharren azaletan/ Argaren zilar uretan/ iluntzeetan".
"Eta guk, liburu horrekin, goiko [hilerriko] plakarekin, ahanzturaren zingira horretan gertatutakoak oroitzera ekarri ditugu. Oroitu bakarrik ez. 86an Sartagudan Jose Mari Jimeno Jurio historialariak bota zigun erronkari eusten diogula adierazi nahi dugu. Eta da: luchar hasta conseguir el ideal de libertad por el que aquellos hombres y mujeres perdieron su vida. Eta zin egin, herri honen kultura, hizkuntza eta munduko herri guztiek askatasunean bizitzeko duten eta dugun eskubidea defendatzen jarraituko dugula. Gure egiten dugu erronka hori".
Isabel Etxeberria Katalunian omendu zutenean esandakoa errepikatu nahi izan du: "Ez naiz pertsona neutro bat, ez naiz eta ez naiz izango. Askatasunaren eta demokraziaren alde borrokatu ziren haien bigarren belaunaldia naiz. Gerrak sufrimendu latza ekarri zien gure arbasoei, zuei, zuen familiarrei. Ondorengo urteak ere latzak izan ziren, baina eutsi egin zuten, egin zenuten. Borrokatu, maitatu, amestu egin zenuten. Izan zinetelako gara, eta garelako izango dira".
Lauaxeta aipatuz amaitu du: Illuntziko bakian norbattek darrai kantari: 'Dana emon biar yako matte dan askatasunari'.
Liburuak banatu aurretik, Eusko Gudariak abestuz amaitu dute ekitaldia.