Getariako Udalak "egindako denboraldi bikaina" aitortu eta eskertu dio Irati Idiakez kirolariari

Onintza Lete Arrieta 2021eko apirilaren 8a

Denboraldia amaitu berri, Getariako Udalak harrera xumea egin dio Irati Idiakez kirolariari gaur eguerdian udaletxean. Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak lore sorta eman dio getariarrari, eta "egindako denboraldi bikainagatik" zoriondu du.
 
Getariako Udalak "Iratik erakutsi dituen elkarbizitzarako baloreak azpimarratu nahi ditu: elkartasuna, maitasuna, erresilentzia eta bizitzarekiko begirada baikorra, besteak beste. Mila esker Irati!", adierazi dio Estebanek udalaren izenean.
 
Ekitaldian izan dira Haritz Alberdi alkatea eta udaleko beste hainbat ordezkari ere. Idiakezek munduko kopa irabazi zuen otsailean, Pyhan (Finlandia) jokatutako snowboard paralinpikoan, boardercross proban. Eta joan den astean, apirilaren 1ean eta 2an, Italiako Munduko Kopan bigarren gelditu zen.
 
Munduko kopa irabazi zuenean, omenaldi hunkigarria jaso zuen Idiakezek herrian, orduan ere udalak antolatuta.
Gaur Idiakezi egin dioten harrerako une bat (Argazkia: Getariako Udala)
 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide