Aho batez onartu dute Getariako aparkalekuen ordenantza

Juan Luis Romatet 2021eko apirilaren 1a

Getariako aparkamenduak arautzeko ordenantza aztertu zuten pasa den asteartean egindako martxoko ohiko batzarrean. Iragarri bezala, proposamena aho batez onartu zuten EH Bilduko eta EAJko zinegotziek. Behin behinekoz onartu ondoren, helegiteak aurkezteko epea zabaldu da orain.

Erabateko adostasunarekin onartu du aparkalekuak arautzeko ordenantza Getariako udal batzarrak. Behin Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren 30 eguneko epea egongo da helegiteak aurkezteko. 

Ordenantza honen bidez Getarian bizi eta lan egiten duten lagunek aparkatzeko lehentasuna izango dutela iragarri du Getariako Udalak. Bisitariak portuko eremura bideratuko direla ere gaineratu du. Hala ere, herrigunean hainbat aparkaleku libre ere mantenduko dituzte, Herrerieta eta Sahatsaga kaleetan, esaterako. "Gainontzeko kaleak baimenduentzat izango dira". Ordenantza honek baimenduentzako gordetako aparkaleku kopurua igoko duela ere azpimarratu du.

Onartutako ordenantza honek bi garai desberdintzen ditu: urriaren 1etik maiatzaren 30era bitartean aparkatzea libre izango da Getariako kaleetan, eta ez da baimenduentzat mugatutako aparkalekurik egongo. Uda garaian, berriz, ekainaren 1etik irailaren 30era arte, aparkaleku mugatuen sistema indarrean egongo da. 

Hala, portuko eremuak TAO izaten jarraituko duela azaldu du udalak, baina baimenduek eta langileek orain arte bezala aparkatu ahal izango dute, bonoa erabilita. Harritarteko aparkalekuan, berriz, behin ordutegia amaitzen denean, baimendutako autoek bakarrik aparkatu ahal izango dute. Eta berdin gertatuko da Herrerieta edo Sahatsaga keleetako aparkaleku mugatuekin. 

Ibilgailu zerga herrian ordaintzen dutenek aparkatzeko baimena doan eskuratuko dute. Ibilgailu zerga Getarian ordaindu ez, baina herrian erroldatuta daudenek, etxejabeek edo 30 egun baino gehiagoan etxebizitza Getarian alokatuta dutenek 30 euroren truke eskuratu ahal izango dute aparkatzeko txartela. Getarian lan egiten duten langileek, aldiz, 15 euroren truke eskuratuko dute portu eremuan aparkatu ahal izateko txartela. 

Elkarlana

2020ko uda hasieran aparkaleku sistema berriaren probak egin zituen udal gobernuak, "herrigunean aparkatzeko lehentasuna herritarrentzat izateko". Uda amaieran jasotako iritzien ondoren sistema hau behin betirako ezartzea erabaki zuten, eta duela hilabete batzuk udal gobernua, oposizioa, udaltzainak eta udaleko langileak ordenantza horren zirriborroa idazten hasi ziren. "Helburua ordenantza berria guztien ekarpenekin aberastea zen". Elkarlanean idatzitako ordenantza hori izan da plenora eraman dutena eta aho batez onartu dutena. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide