Gerra Zibilean eta frankismoaren lehen urteetan Getarian izandako gertaerak ikerketa lan batean bildu dituzte

Juan Luis Romatet 2021eko apirilaren 3a

'Getaria 1936-1945. Giza Eskubideen zapalketa eta errepresioa Gerra Zibilean eta Lehen Frankismoan' izeneko ikerketa lanaren emaitza aurkeztuko dute Getarian, apirilaren 10ean. Ekitaldia 12:00etan izango da, Katrapunan. Aurretik, 11:00etan, Getariako hilerrian dagoen plaka eguneratu eta aurkeztuko dute.

Aranzadi Zientzia Elkarteak egindako ikerketa lana liburu batzuetan bildu dituzte, eta apirilaren 10ean egingo den ekitaldian aurkeztuko dira. Gerra Zibilean eta frankismoaren lehen urteetan Getarian izandako gertaeren errepasoa egiten dute liburu hauek: fusilatuak, kanporatuak, espetxeratuak, hildakoak, jazarriak… Ahanzturan egon den guztia azalerazten saiatu, eta egiari eta erreparazioari bide egiten saiatu direla azaldu dute proiektuaren bultzatzaileek. Getariako Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuaren laguntzarekin sustatutako lana da hau.

Behin liburuak aurkeztu ondoren, turismo bulegoan jarriko dira herritarren eskura, doan. Udalak azaldu duenez, 500 ale banatuko dira hurbiltzen direnen artean.

Ekitaldiaren aurretik, goizeko 11:00etan, Getariako hilerrian dagoen oroitarriko plaka eguneratu eta aurkeztuko dute, ikerketa lan honen ondorioz hildako hainbat herritar berri identifikatu dituztelako. Hilerrian omenaldi txiki bat egingo zaiela azaldu du Getariako Udalak, “Francoren altxamendu faxistaren aurka eta ondorioz hildakoei”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide