Getariako EAJk bere poza agertu du aparkalekuen inguruko proposamena aintzat hartu delako

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 30a, 10:09

Aparkalekuen ordenantza aztertu eta onartuko du gaur Getariako udal batzarrak. Getariako EAJk bere poza azaldu du alderdiak egindako proposamena aintzat hartu delako.

Martxoko ohiko udal batzarra egingo dute gaur Getarian, 19:00etatik aurrera. Aparkalekuen ordenantza aztertuko dute, beste gai batzuen artean. Azken uneko ezustekorik ez bada, proposamena EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin onartuko du batzarrak.

Horren harira, Getariako EAJk bere poza erakutsi du udal gobernuak "bere jarrera zuzendu eta proposamen jeltzalea aintzakotzat hartu duelako". EAJk proposatutako aparkalekuen antolamenduak "herritarrak lehenesten" dituela azpimarratu du. "Egoiliarrentzako plazak sortu, herri eremuko langileen aparkaleku aukeren bermea bono bidez, edota auto-karabanentzako eremu bereiztua, beste hainbaten artean. Urteak dira  aparkalekuak arazo bihurtu zirela herrian eta gure proposamena argia izan da beti: herritarrentzat aparkalekuak bermatzea, getariarrak lehenestea", azaldu du Getariako EAJk. "Oso pozik gaude, getariar guztiok irabaziko baitugu erabakiarekin”, gaineratu dute jeltzaleek. 

Ohar baten bidez azaldu duenez, herriko gune batzuk egoiliarrentzako aparkaleku plaza bezala gordetzea proposatu du. Hala nola, moilako eremua (Artzapeko aldapean dauden 20 plaza inguru), Sahatsaga goia, Akerregi, Potzuaga, Krixketaneko iturrigaña, Lormendi alpada, Sahatsaga (jesuiten ateraino) edota Herrerieta (Zamalanetako eremuak, behin amaitzean egoiliarrentzako izatea).

Jeltzaleen esanetan, aztertu beharko litzateke Getariako alde zaharreko bizilagunek zenbat auto dituzte, aipatutako Sahatsagako eta Artzapeko aparkalekuak nahikoak diren jakiteko. Horrez gain, herriko alde berrian libre geratzen diren aparkalekuetan ere TAO ezartzeko aukera "interesgarria" iruditzen zaiela ere nabarmendu du Getariako EAJk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide