Aurten ere berrikuntzekin dator Mundubira 500: Elkano Fundazioa. Bultzada eman nahi dio Juan Sebastian Elkano getariarrak gidatutako itzuliaren bosgarren mendeurrenari, eta hainbat ekimen berri antolatu ditu Getarian. Aurreneko urrats modura, atzo inauguratu zuten Elkano, lehen mundubira erakusketa Getariako Turismo Bulegoan. Donostiako Euskal Itsas Museoan izan dute bilduma aurreko urtera arte, eta orain, "herrira egokituta" zabaldu dute Getarian, Haritz Alberdi alkatearen esanetan.
Aurkezpen ekitaldian izan ziren, besteak beste, Getariako Udaleko ordezkariak –Alkatea eta Ibon Gereka eta Aitor Urresti zinegotziak–, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak –Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia– nahiz Basquetourreko ordezkariak.
Bisitaldi bereziak
Erakusketa aurkezteaz gain, horri lotutako bisita gidatuen programaren berri eman zuten atzoko agerraldian. Aste Santutik uda amaierara arte izango dira bisitak, eta hiru molde jaso dituzte eskaintzan. Batetik, "publiko orokorrari" zuzenduta egongo den Elkanoren Getaria aurki ezazu bisita prestatu dute, "Elkanorekin harreman zuzena duten" hainbat gune ezagutzeko aukera emango duena. Bestetik, familientzako eta haurrentzako pentsatuta dauden bisita antzeztuak izango dira, "Barakaldoko Juan de Zubileta txalupa-mutilaren" larruan jarriko den aktore baten eskutik. Hirugarren aukera modura, "gaian sakondu nahi dutenentzako" bisitak egingo dituzte, "erakusketaren komisario" Xabier Alberdirekin. Bisita gidatu guztiek, baina, Turismo Bulegoa izango dute abiapuntu modura.
Egutegi berezia izango du bisita mota bakoitzak. Elkanoren Getaria aurki ezazu bisitak Aste Santuko egun guztietan egingo dituzte, eta horren ostean, asteburuetan baino ez dituzte eskainiko –udako egutegia ez dute zehaztu oraindik–. Familiei eta haurrei zuzendutako bisitak, aldiz, apirilaren 3an eta 10an izango dira momentuz. Antolatzaileek iragarri dutenez, udako eta eskoletako haurren bisitak gehituta, molde horretako hogei saio besterik ez dituzte egingo oraingoz. Alberdik gidatutako bisitei dagokienez, apirilean hasita, hilabete bakoitzeko azkeneko asteazkenean izango dira.
35 marinelak
Ekimen osagarri modura, oroigarri berria jarri dute Elkanoren monumentuan. Orain arte ere izan da plaka bat han, ustez, mundubiran parte hartu zuten marinel guztien izen-abizenekin –hemezortzi izan zirela uste zen–. Azken ikerketek, ordea, baieztatu dute beste hamazazpi itsasgizon ere izan zirela itzulian, eta haien izenak gehituta sortu dute oroigarri berria. Aurreneko hemezortziek, tartean Elkanok, Victoria ontzian egin zuten mundubira lehenengo, baina gainontzeko hamazazpiek aste batzuk beranduago burutu zuten bidaia, Cabo Verdetik.
Itsasgizon bakoitzaren sorterria ere adierazten du plakak, eta Getariako alkateak azaldu du tokiko hizkeran jaso dutela herri bakoitzaren izena. "Ulertzen dugu bidaia horrek aniztasunari erantzuten ziola, munduko txoko desberdinetako pertsonek osatu zutela, eta lan amankomun bati esker egindako bidaia bat izan zela", dio: "Ez zen pertsona bakar baten zerbait izan. 235 pertsona abiatu ziren, 35 itzuli ziren, baina ezinbestekoa izan zen marinelen arteko elkarlana".
Olanok gogorarazi du "Elkano aldarrikatzen" duela Mundubira 500: Elkano Fundazioak: "Gure herriaren historian pertsona garrantzitsu bat baldin badago, Juan Sebastian Elkano da hori". Baina nabarmendu du, "batik bat, herri honen itsas historiari" egin nahi diotela azpimarra: "Hori da gure heldulekua aldarrikapen bat egiteko". "Guk, euskaldunok, ezagutu egin behar dugu Elkano, besteei ezagutarazteko", gaineratu du.
'Bostekoa munduari'
Ez erakusketa eta oroigarria soilik: banderak ere jarri dituzte Getariako hainbat txokotan. Bost kontinenteak irudikatzen dituzte banderatxoek, eta Bostekoa munduari leloa ikus daiteke guztietan. Getariako Iturzaeta Herri Eskolako ikasleek egindako marrazkiak dituzte oinarri.
Getariako Udalaren helburua da, gainera, Zarautz Jauregia eraberritu eta Elkano Mundubira Espazioa izendatzea. Udalbatzak urtarrileko ohiko osoko bilkuran izan zuen hizpide auzi hori.