Getariako Literatura Lehiaketaren hogeigarren edizioa izango da aurtengoa. Herriko gazteek parte hartu dezakete oraindik, baina datorren astelehenean, martxoaren 29an, izango da lanak aurkezteko azkeneko eguna. Hain zuzen, egun horretan 13:00etan amaituko da epea. Partaideek Getariako udal bulegoetan edo udal liburutegian aurkeztu ditzakete haiek sortutako ipuinak, olerkiak edo bertsoak.
Zazpi mailatan antolatu dute lehiaketa, eta bi modalitate izango dira maila bakoitzean: ipuinak batetik, eta olerkiak eta bertsoak bestetik. Ondoko mailetan bereiziko dituzte parte hartzaileak: Lehen Hezkuntzako 3. mailakoak, Lehen Hezkuntzako 4. mailakoak, Lehen Hezkuntzako 5. mailakoak, Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak, 12 eta 14 urte bitartekoak, 14 eta 16 urte bitartekoak, eta 16 urtetik gorakoak. Bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ditzake lehiaketara.
Epaimahaiak apirilaren 23an banatuko ditu aurtengo sariak, 18:30ean.
XX. Literatura Lehiaketako oinarri guztiak irakurtzeko, sartu hemen