111 Akademiaren Sarirako hautagaien artean dira Joxean Agirre idazle azpeitiarra eta Uxue Alberdi Getariako bizilaguna, 2020an kaleratutako Nobela errealista bat eta Dendaostekoak liburuei esker. Akademiakideek bost hautagai aukeratzeko parada izan dute urtarriletik otsailaren 26ra bitartean, eta Agirreren eta Alberdiren lanak ez ezik, Luis Garderen Aireportuko musika, Pello Lizarralderen Argiantza eta Idoia Garzes Mendiko gaitza liburuak ere aukeratu dituzte. Hain zuzen ere, 92 akademiakidek eman dute boza lehen fase horretan.
2020. urtean euskal literaturak emandako uztatik bost horiek izan dira irakurleen libururik gogokoenak. Lehen fasea igarota, zabalik da bigarren bozketa. Hain zuzen ere, bost liburu horietako bat aukeratu beharko dute herritarrek martxoaren 26a baino lehen. Bigarren fase horretan, libururen batek botoen %40 gainditzen badu, harentzat izango da saria. Aldiz, kopuru horretara iristen den lanik ez bada, boz gehien jaso dituzten bi idazleak eta haien liburuak pasatuko dira finalera. 111 Akademiak apirilean jakinaraziko du zein den 2020ko 111 Akademia Sariaren irabazlea.
2017an Uxue Alberdiren Janisjoplin liburuak irabazi zuen 111 Akademiaren Saria.