Adierazpen instituzionala plazaratu du Getariako Udalak Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira

Juan Luis Romatet 2021ko mar. 6a, 14:49

Datorren astelehenean, hilaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna gogoratzen da. Horren harira, Getariako Udalak adierazpen instituzionala plazaratu du, eta bihar eguerdiko 12:00etan egingo den elkarretaratzean parte hartzera animatu ditu herritarrak.

Emakumeen Nazioarteko Eguna da datorren astelehena, martxoaren 8a. Nazioarte mailan gogoratzen den egun horren harira, adierazpen instituzionala plazaratu du Getariako Udalak. 

Adierazpen horren bitartez, zenbait konpromiso hartuko dituela iragarri du Getariako Udalak, beti ere udalak dituen eskumenen esparruan. Batetik, lehenengo Berdintasun plana diseinatzeko borondatea erakutsi du, epe ertain batean plangintza definitzeko. Plana diseinatzeko orduan "udaleko eta herriko eragileen partaidetza" bultzatzeko asmoa ere erakutsi dute sinatzaileek. 

Gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzeko asmoa ere azaldu dute, beti ere herriko eragileekin elkarlanean, "bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko" bidean.

Genero-ikuspuntuari arreta jartzea ere proposatzen dute adierazpen honetan, "kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei, baita COVIDaren ondorioei aurre egiteko neurriak martxan jartzerakoan". Mugimendu feministari eta beraien aldarrikapenei sostengua eta babesa ematea ere onartu dute, "berdintasun erreal bat lortzeko bidean".

Amaitzeko, Getariako mugimendu feministak ​Emakume Langilearen Nazioarteko egunaren harira egindako deialdiarekin bat egiten dutela adierazi dute, eta herritarrak animatu nahi dituzte Mariñakek igandean, eguerdiko 12:00etan, deitu duen elkarretaratzean parte hartzera, beti ere COVIDaren aurrean, prebentzio eta babes neurri guztiak bermatuz.

Honela dio adierazpen instituzionalak bere osotasunean:

MARTXOAREN 8an, EMAKUME LANGILERIAREN NAZIOARTEKO EGUNA DELA ETA GETARIAKO UDALAREN ADIERAZPENA

Dimentsio askoko krisi sistemikoan gaude, zeina gurutzatu eta erlazionatu egiten baita aurretik zeuden beste krisi batzuekin; esaterako, ekologikoa eta zaintza-arlokoa. Pandemiak agerian utzi ditu mugimendu feminista eta emakumeen kolektiboak egiten ari ziren zenbait aldarrikapen: giza bizitza zaurgarria da, eta ​giza ingurunearen, ingurumenaren eta ingurune komunitarioaren zeharo mendekoa. Ezerk ez du garrantzi handi​agoa izan behar bizitza zaintzeak baino, pandemia dela-eta muturreraino prekario bihurtu eta ahuldu den bizitza.

Gaur, martxoak 8, Emakumeen nazioarteko egunean, pandemiak eta haren kudeaketak baldintzatutako urte honetan, aintzat hartu beharra dago emakumeek pandemia eta beraren ondorioak borrokatzeko mundu osoan egindako ekarpena. ​Zaintzaren ardura emakumeei egokitu zaie, bai zerbitzu publikoetan (osasungintza, hezkuntza, gizarte-zerbitzuak, merkataritza eta elikadura...) bai etxeen barruan, eta batez ere haiek eraman dute krisi sanitario eta sozial honetan funtsezkoak izan diren zerbitzu askoren zama. Emakumeen artean ere banaketa desorekatua da, klase sozialaren, arrazializazioaren eta migrazio-estatusaren arabera. Gainera, kasurik gehienetan egoera prekarioan egindako lanak dira.

Berdintasunik gabeko banaketa horrek, gainkargaz gain, eta hark emakumeen osasunari eta bizi-kalitateari dakarzkien ondorioez gain, zaintza-sistemaren prekaritatea ere azaleratu du, eta lehendik ere bazeuden desberdintasunak areagotu ditu. Gure gizarte-ereduak familiaren, eta, neurriz kanpoko proportzioan, emakumeen esku uzten ditu zaintza gehienak, bai ordainpekoak bai ordaingabeak; oso gutxi ematen dira eremu publikoan. Bestalde, egoera eta estatus okerreneko emakumeek (guraso bakarreko familien buruak, behartsuenak, kolektibo zaurgarrietakoak, ​indarkeria matxistaren biktimak...) neurri handiagoan jasaten dituzte zaintza-zamaren ondorio negatiboak.

Ondorioz, gizarteak bere aitorpena adierazteko moduak konpromiso irmoa izan behar du, berdintasunik gabeko banaketa bidegabe horri euskarria ematen dioten genero-arrakalak borrokatzeko konpromisoa. Desberdintasun horiek agerikoak dira emakumeek funtsezko zerbitzuetan egiten duten lanaren baldintzen prekaritateari begiratuz gero. Bada garaia zaintza-lan guztiei dagokien balioa emateko, eta aurrera egiteko erantzunkidetasun handiagoko eredu baterantz, pertsona guztientzat ekitate eta ongizate handiagoa sortzeko.

Udalak gaude lehen lerroan, pandemiari eta hark pertsonengan dituen ondorioei aurre egiten, eta liderrak ​izan behar dugu zaintzari eta haren hornikuntzari buruzko politika publikoak bultzatzeko orduan, erantzunkidetasun publikotik abiatuta, eta arreta emanez gizon eta emakumeen baldintza eta inpaktu desberdinei.

Erakundeok ​koordinatuta egoten jarraitu behar dugu, eta bideak zabaldu behar ditugu herritarrek, eta bereziki mota askotako emakumeen kolektiboek eta mugimendu feministak, benetan eta modu eraginkorrean parte har dezaten erabaki publikoetan.

Horregatik guztiagatik, Udal honek, bere eskumenen esparruaren barruan, honako konpromisoak hartzen ditu:

● Getarian I.go Berdintasun plana eta diseinatzea eta epe ertain baterako plangintza definitzea. Horretarako, datuak aztertu eta udaleko eta herriko eragileen partaidetza bultzatuz, genero berdintasunaren diagnostikoa 2021ean egitea.

● Herriko eragileekin elkarlanean gizartean zaintza antolatzeko ereduari buruzko eztabaida bultzatzea, bizitza erdigunean jartzean oinarritzen den ikuspuntu feminista batetik abiatuta, zaintzaren erantzunkidetasun sozial eta komunitarioranzko bidean.

● ​Genero-ikuspuntuari arreta jartzea, kolektibo zaurgarrienen egoerari eta beharrizanei, baita COVIDaren ondorioei aurre egiteko neurriak martxan jartzerakoan.

● Mugimendu feministari eta beraien aldarrikapenei sostengua eta babesa ematea, berdintasun erreal bat lortzeko bidean.

Azkenik, ​Getariako mugimendu feministak ​Emakume Langilearen Nazioarteko egunaren harira egindako deialdiarekin bat egiten dugula adierazi nahi dugu. Eta herritarrak animatu nahi ditugu Mariñakek martxoaren 7an, eguerdiko 12:00etan, deitu duen elkarretaratzean parte hartzera, beti ere COVIDaren aurrean, prebentzio eta babes neurri guztiak bermatuz.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide