2022an Getaria-Sanlucar Ibilbidea sustatzeko lehen urratsak eman ditu Basquetourrek

Onintza Lete Arrieta 2021eko martxoaren 4a

Ibilbidearen ardatzak izango dira Joan Sebastian Elkano eta aurreneko mundubiraren bosgarren mendeurrena. Proiektua elkarrekin diseinatuko dute Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako, Extremadurako eta Andaluziako gobernuek; hain zuzen, autonomia erkidego horiek zeharkatuko ditu ibilbideak.

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari Daniel Solanak bilera egin du gaur Madrilen, Espainiako Gaztela eta Leongo, Gaztela-Mantxako, Extremadurako eta Andaluziako turismo sustapen arduradunekin, Getaria-Sanlucar Ibilbideaz hitz egiteko.

Ibilbide hori "turismo produktu" bihurtu nahi dute, Joan Sebastian Elkano eta aurreneko mundubiraren bosgarren mendeurrena ardatz hartuta. "Turismoko produktu jasangarria izan nahi du ibilbideak, bidaiariak bere gain hartu eta kultur balioak dituena. Helburua da epopeia baten begirada modernoa erakustea, historialari askorentzat Aro Modernoaren hasiera markatu zuena. Hainbat toki eta kulturatako pertsonen ahaleginak bildu zituen ekitaldia da, eta bidaia horrek eta bere irakaskuntzek hainbat alderditan dituzten ondorioei buruzko hausnarketarekin gozatu ahal izango da, hala nola topaketa kulturaletan, bidaiaren esperientzia emozionalean eta aldaketara egokitzean", azaldu du Basquetourrek prentsa ohar bidez.

Basquetourren asmoa da 2022an hastea ibilbidea sustatzen eta merkaturatzen, eta horretarako egin beharreko etxeko lanez aritu dira gaurko bileran. Alde batetik, proiektua diseinatu behar da, eta ikusi nola sustatu dezaketen "elkarrekin, Estatuko eta nazioarteko merkatuetan". 

Bileran hainbat konpromiso hartu dituzte. Batetik, ibilbidearen parte izango diren puntuak eta "haien garrantzia historikoa modu bateratuan identifikatzea". Prentsa oharrean azpimarratu dute gaiaren garrantzia historiko hori: "Gizakia ilargira iristearekin parekatu den itsas balentria bat da, bertan parte hartu zuten kideek izan zituzten zailtasun teknikoengatik, ekintzak izan zuen garrantzia ekonomiko eta kulturalarengatik, eta kide horiek bizi behar izan zituzten nekeengatik".

Hartu duten beste konpromisoa izan da "turismo agentzietako teknikariek, aurten, landa-lan zorrotza egitea autonomia erkidego bakoitzaren turismo, kultura eta historia edukiak identifikatzeko. Ikerketa lan horren bitartez, kontakizun bat osatuko da ibilbideko mugarri bakoitza hainbat etapa eginez lotzeko. Etapa horiek eginez, esperientzia berezia bizitzeko aukera egongo da". 

Aurrerapena, Fitur azokan

Solanak azaldu duenez, bileran beste konpromiso bat ere hartu dute autonomia erkidego guztiek: "Jarduketa eta inbertsio plan bat antolatzea, 2022an ibilbidea sustatzen eta merkaturatzen hasteko”. Hala, ibilbide hori "proiektuan parte hartzen duten autonomia erkidegoen marketineko ekintzetan eta sustapen kanaletan azalduko da, eta haiek parte hartzen duten azken publikoarentzako eta profesionalentzako antolatutako azoka eta topaketetan elkarrekin aurkeztuko dute".

Aurreratu dutenez, ibilbidearen eta horren balio turistikoaren aurrerapen bat maiatzean egingo den Fitur azokan ikusi ahalko da.

Azkenik, bileran parte hartu dutenek uste dute "nazioartean proiekzioa" duen egitasmoa dela, "bai Portugalek Magallanesekin duen loturagatik, bai orain dela 500 urte espedizioak gurutzatu zituen herrialdeengatik".  Horiekin ekintza zehatzak egitea aurreikusi dute.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide