Getariak harrera hunkigarria egin dio Irati Idiakezi

Maria Maya Manterola 2021eko martxoaren 2a

Edukiera eta distantziak zorrotz zaindu arren, harrera goxoa egin zioten Idiakezi. Haritz Alberdi alkateak “enbaxadorea” dela esan zion, “getariarren izena lau haizetara zabaltzeaz gain, bizitza transmititzeagatik”.

Atzo, astelehena, aitortza ekitaldia egin zioten Irati Idiakezi udaletxeko pleno aretoan. Senitartekoek, gertukoenek, Keta Futbol Taldekoek eta udaleko bi alderdietako ordezkariek bete zuten aretoa, eta osasun neurriak nahiz distantziak zorrotz bete bazituzten ere, giro goxoa sortu zen. 

Hasteko eta behin, bertso bat abestu zioten Idiakezi: Hau entzun diet harro esaten / lagun dituzun hainbati / geratzen ez den horietako / pertsona bat da Irati / erortzen bada badakiena / irrifartsu nola jaiki / ausarta bezain eredugarri / azkarra bezain temati / autobus batek zure hegoak nahiz ta / kolpe batean ebaki / azkar heldu zenion zerura / igo zaitun tabla bati / ta pixkanaka bihurtu zara / euskal historia zati / lehen bagenekien ona zinela / ta orain mundu denak daki. 

“Momentuak eskatu arren, emateke geratzen dira muxuak eta besarkadak”, esan zuen Haritz Alberdi Getariako alkateak. “Horrelako gertaeren aurrean esan ohi dut herritarren aurrean makurtzen naizela eta txapela kentzen dudala. Irati, zuri gainera esango dizut herriarentzat enbaxadore bat bihurtu zarela”, gaineratu zuen. Alberdiren hitzetan, getariarren izena lau haizetara zabaltzeaz gain, “bizitza” transmititu du Idiakezek. Alkateak Bernardo Atxagaren Adan eta bizitza poesiaren hainbat pasarte irakurri eta eskaini zizkion gero. “Zorionak kirol lorpen guztiengatik, baina batik bat, eta barkatuko didazu atrebentzia, zorionak bizitza transmititzeagatik”, amaitu zuen Alberdik.

“Hitz egitekoa baino, entzutekoa” dela aitortu zuen Idiakezek. “Hasiera batean ezin nuen sinestu domina nirea zenik. Baina bai, merezi dut”, esan zuen irribarretsu. Eskerrak eman zizkion, bide batez, herriari: “Irratitik deitu zidaten aurreko batean, eta esan nien hasieratik sentitu dudala herriaren babesa. Nire esperientziaren parte izan zarete”. 

Pixkanaka irten ziren bertaratutakoak areto nagusitik, Idiakezen atzetik. Beheko solairuan koadrilakoak zituen zain. Danborrez eta txistuz lagunduta, aurreskua dantzatu zioten lagunek. Snowboardeko taulekin pasilloa egin zioten udaletxetik irtetako, eta hala, Herriko plazan amaitu zuten harrera. 

Dominarekin herrira

“Oso pozik nengoen lehen ere, eta harrera honekin, are gehiago”, aitortu zuen Idiakezek ekitaldiaren amaieran. Pyhan (Finlandia) jokatutako snowboard paralinpikoko Munduko Kopan Idiakez izan zen nagusi boardercross proban, joan den hilean. 

Ez du entrenatzeko aukera askorik izan, baina denboraldi bikaina egin du Idiakezek.  “Baqueira-Beret (Lleida, Herrialde Katalanak) zabaldu zutenean ez genekien zenbat denboraz izango zen zabalik. Denboraldi osoari eutsi dio, lasterketa pare bat ere izan ditugu, eta ezin gara kexatu”, gaineratu zuen. Haren hitzetan, Baqueira-Bereten pistan egiten zituzten entrenamenduak, baina boardercrossean saltoak eta bestelako oztopoak gainditu behar izaten dira lasterketan zehar. “Probatzera” joan da Finlandiara, eta dominarekin itzuli Getariara. Egutegian finkatuta ez zegoen lasterketa batean jarri du begirada orain, Italian jokatuko duen boardercross proban.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide