Pixkanaka ari da bidea egiten Getariako Portuaren Antolamenduko Plan Berezia. Apirilean idatzi zuen proposamena Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzak, eta sei hilabete egon dira alegazioak aurkezteko. Getariako Udalak hamahiru alegazio eta ekarpen egin ditu, eta aurreko astean aurkeztu zituen herritarren aurrean. Bilera telematikoa egin zuten pandemia egoeragatik, eta udalaren webgunean ere jarri dute dokumentua herritarren eskura.
Alegazioak aztertu, egin beharreko moldaketak egin, eta datorren urtean Plan Bereziaren behin betiko txostena prest egongo dela aurreikusi du Jaurlaritzak.
Bai Eusko Jaurlaritza, bai Getariako Udala, bat datoz portu gunean hainbat eskuhartze egitearekin. Plan Bereziaren helburu garrantzitsuenetako bat erabiltzen ez diren eraikinak birgaitzea dela dio txostenak, eta horretan bat dator udala. Jaurlaritzaren 135 orrialdetako dokumentuan, ordea, badira udalak aldatu nahi dituen puntuak, eta garrantzitsuenak zein diren azaldu dio HITZAri Haritz Alberdi alkateak. "Esentzi-esentzian, etorkizunean herria nola ikusten den, edo herria nora eraman nahi den begiratzean, ez gatoz bat Jaurlaritzaren txostenarekin. Horrek ontzat ematen du azken urteetan arrantzan dagoen gainbehera, eta gu ez gatoz bat".
Horrez gain, Getariako Udalak dagoena berreskuratu nahi du aurrena. "Kofradia zaharra, tindalekua... oso egoera txarrean daude. Beraz, zertarako planteatu kirol portuaren inguruan eraikin berriak egitea eta hondartzari tokia kentzea, bertan ditugunean hor planteatzen diren aktibitateak jaso ditzaketen eraikinak?".
Lehentasuna kofradiari
Plan Berezian epeak proposatu dituzte lan zehatz bakoitza egiteko, eta alkateak argi dauka zer egin behar den aurrena: Kofradia zaharra berritu. "Herrian badago nahi handia kofradia zaharra berritzeko; eraikinarekiko atxikimendu berezia dute getariarrek". Zertarako berritu? Arrantzarekin lotutako erabileraren bat emateko. "Europako irizpideekin bat datorren eta itsasoarekin harreman zuzena duen gune bat da egokiena udalarentzat". Txostenak lau esku hartze mota jartzen ditu mahai gainean, eta udalak argi du aurreneko aukera dela onena herriarentzat: "Esparruaren antolamenduan esku hartzea, baina ur geruzaren erabileran gehiegi eragin gabe; hala, kaien eta lehorreko eraikinen erabileraren berrantolamendua proposatzen da, gaur egungo egoera mantenduta dartsenen erabilerari dagokionez, nagusiki arrantza erabileretarako baliatzen baitira", dio aukera horrek.
Etorkizunari begira
Horrez gain, "planak etorkizunari begiratu behar diola esaten dugu guk, eta etorkizuneko ildoak marraztu behar dituela. Ekuazio horretan ezinbestean sartu behar da hau: etorkizunean Getariako moilak kostaldeko baxura eta artisautzarako porturik garrantzitsuenetarikoa izaten segitu behar du". Alberdik gaineratu du ez dutela nahi Getarian gertatzerik "Mutrikun edo Elantxoben gertatu dena".
Arrantzaren sektoreak indartsu jarraitzeko faktore asko hartu behar dira kontuan, baina udalak uste du instituzioek balantza asko eraman dezaketela alde batera zein bestera, proposatzen dituzten estrategien eta ekintzen arabera.
Aparkalekuak
Plan Bereziaren txostenak aipatzen du 500 ibilgailurentzako aparkaleku berria egiteko aukera dagoela, baina udalak ez du begi onez ikusten aparkatzeko gaitasuna handitzea. "Herriak azken urteetan zerbait eskaini badu, hori izan da kalitatea zerbitzuetan. Eta horrela izaten segitu nahi dugu. Jada jende kopuru handia jasotzen dugu, eta 500 aparkaleku gehiago egitea ez dugu ondo ikusten".
Dena den, udalak ez du guztiz baztertzen aparkalekuak egitea: "Pertsonen bizi kalitateari begira, goiko aparkalekuak ordenatzeko baldin bada, baloratu daiteke, baina beti ere aparkaleku kopurua mantenduta, ez 500 gehiago jarrita. Eta, aukeran, lur azpiko aparkalekuentzat zulo bat egin aurretik, begiratu beharko genuke ea dauden eraikinetan jar daitekeen aparkalekurik; hau da, beheraka egin baino, goraka egitea aztertu nahi dugu, moilan bertan badaudelako eremu batzuk dakigunak zertarako erabiliko diren".
Bi arrantza mailak
Arrantzari dagokionez, bi mailatakoa mantendu nahi du udalak. "Batetik, arrantzan modu profesionalean segi nahi dugu, eta horregatik moilaren eremu guztian ostatuak debekatzea eskatu dugu, baita dartsenak dauden bezala mantentzea ere, arrantza eta arrantzarekin lotutako jarduera profesional eta industrialen alde. Bestetik, arrantza ez profesionala aipatu nahi dugu. Getarian belaunaldiz belaunaldi transmititu da arrain txikitara joatea, txibitara joatea, eta Getariako moilak horri ere erantzun egin behar dio".
200 amarraleku inguru ditu Getariako portuak gaur egun, eta beste horrenbeste eskaera daude zain. Hori aipatu egiten du Eusko Jaurlaritzaren txostenak, baina udalak galdera bat du horren aurrean: "Eskaera horietatik zenbat dira getariarrenak? Gure ustez nahikoa amarraleku badago, baina ondo ordenatu behar dira, eta hori egin behar da Getariako eta gure kostaldeko idiosinkrasia kontuan hartuta", iritzi dio Alberdik. "Horrek gure bizitzarekin zerikusia duelako, baina turismoari dagokionez ere onurak dakartzalako. Adibidez, kanpotik datorren pertsona batek ez dezala toki guztietan gauza bera ikusi; Getariak badu bere berezitasuna txalupa txikiekin".
Ondare inmateriala
Gainera, Alberdik argi du naturarekiko errespetua ere horrela lantzen dela, itsasora ateratzen jarraituta, itsasoarekin harremanetan jarraituta, aurreko belaunaldiek egin duten bezala. Getariarrek guraso eta aiton-amonengandik jaso duten ohiturari jarraitzea inportantea deritzo naturarekiko kontzientziazioa handitzeko. Hori Getariaren "ondare inmateriala" dela uste du Alberdik, eta legeak babestu behar lukeela. "Gurasoengandik eta aiton-amonengandik jaso nuen nik txibitara joateko grina, eta nahiko nioke alabari ere hori transmititu".
DOKUMENTUAK:
Eusko Jaurlaritzaren txostena, Getariako Portuko Plan Berezia