Pyhan (Finlandia) jokatu da egunotan snowboard paralinpikoko Munduko Kopa, eta Irati Idiakez getariarra gailendu da boardercross proban. Idiakez izan da lehiaketa horretarako Desgaitasun Fisikoa duten Pertsonen Espainiako Kirol Federazioak deitutako kirolari bakarra, eta lehena izan da bere kategorian.
"Finlandian hamar egun igaro ostean, pozik eta alai amaitu dut bidaia. Lehen egunak nahikoa gogorrak izan ziren, baina emaitzak bistan daude. Gehiagorako gogoz nago", esan du kirolariak lehia amaitutakoan, federazioak argitaratu duen oharraren arabera.
Idiakez otsailaren 4an heldu zen Finlandiara, eta protokoloa tarteko, lehen hiru egunak konfinatuta igaro behar izan zituen. Ondoren, beste lurraldeetako kirolariekin batera entrenamenduak izan zituen. Manel Maestre entrenatzaileak Munduko Koparen balorazio ona egin du. "Pozik nago emaitzekin eta lortutako puntuekin, baina are gehiago Iratik teknikoki izan duen bilakaerarekin. Denboraldi honetan ez dugu entrenatzeko aukera askorik izan baina egoerara egokitzen asmatu dugu eta gauzak ezin hobeto atera dira".