Eraikin publikoen behar energetikoa eta autokontsumo elektrikoaren bideragarritasuna aztertzeko prozesua abiatuko du Getariako Udalak. Erakunde horrek iragarritakoaren arabera, bi hilabeteko ikerketa lana egingo dute eta 3.374,69 euroko aurrekontua izango du lanak.
Getariako Udala Goiener Taldeko eta Nafarkoop energia kooperatibako bazkide egin zen 2020. urtean, «ingurumena errespetatzen duen eta bidezkoa den energia» eredua sustatzeko. Nafarkoop kooperatiba energia berriztagarrien proiektuetan inbertsioak egiteko sorturiko lanabes juridikoa da, eta Goiener Taldearen barruan kokatzen da. Goiener Taldea, berriz, eredu energetikoa aldatzearen alde diharduen kooperatiba da.
Nafarkoopekin hitzarmena
Udalak gogoratu duenez, «energia eraginkortasunerako bidean beste urrats bat emate aldera», Nafarkoop kooperatibarekin harremanetan jarri ziren, «autokontsumo elektriko batzuen bideragarritasun teknikoa eta ekonomia aztertzeko». Udalak eta kooperatibak hitzarmena sinatu zuten, eta horren harira, energia eraginkortasuna sustatzeko eta energia berriztagarriak martxan jartzeko ikerketa bat abiatuko dute datozen asteetan.
Batetik, udal titulartasuna duten 32 hornidura elektrikoen azterketa egingo dute. Bestetik, behar energetikoak asetuko lituzketen autokontsumo bakaneko edo partekatuko instalazioen aukerak aztertuko dituzte; besteak beste, eguzki instalazio fotovoltaikoen kokapena eta eguzki irradiantziaren analisia, aukeratutako kontsumo puntuen kokapenaren azterketa, eta abar. Era berean, bideragarritasun azterketa ere egingo dutela azaldu
du udalak, «proposamena bideragarria izan daitekeen ikusteko».
Etorkizuneko urratsak
Ikerketa burutu ondoren, ateratako ondorioak biltzen dituen memoria aurkeztuko dio Nafarkoop kooperatibak Getariako Udalari. «Hain zuzen ere, memoria hori izango da aurrerantzean egin beharreko urratsen oinarria», adierazi du udalak.
Ikerketa lana finantziatu ahal izateko, Gipuzkoako Foru Aldundiak arlo horri lotuta urtero
atera ohi dituen dirulaguntzen eskaera egingo du Getariako Udalak.