Itsasoa, eder bezain gogor

Mireia Galarza-Onintza Lete Arrieta 2021eko otsailaren 4a

Ez da erraza inoren hizketaldia etetea heriotzaz hain zuzen hitz egiten ari bada. Esaterako, arrantzan ari zela ekaitz batek bat-batean ontzia azpikoz gain jarri eta ahal moduan azalera aterata itsasoan biziraun behar izan bazuen. Edo une batetik bestera senarra eta bi anaia itsasoak irentsi bazituen, eta norbere ametsak haiekin batera ito baziren, 27 urte eta bi seme-alaba txiki zituenean. Horiek dira Juan Eizagirreren (Getaria, 1930) eta Kontxi Etxegoienen (Getaria, 1958) bizipenak, orain Getariako naufragioak liburuan jasoak gelditu direnak, azaletik bada ere, beraienen tankerako bizipen "asko" dagoelako herri arrantzaleetan, bai behintzat, Getarian.

"Lehenago iritsi behar zuen liburu honek, baina etorri da, eta bihotzez eskertu behar diet udalekoei eta beste guztiei", esan du Etxegoienek. Beren etxeko ezbeharretik 40 urte igaro dira, baina zauriak hor daude. Etxegoienen ahizpa Mirenek honela azaldu du argitalpenak sentiarazi diona: "Liburua ostiral batez jaso genuen, eta igandean zabaldu nuen, baina ez nintzen irakurtzeko gai izan; irakurtzen hasi eta behea jotzen nuen. Hurrengo asteartean etxean gelditu nintzen, eta orduan hasieratik irakurri nuen gure pasartera arteko guztia. Gurea irakurtzen hastean, ordea, behea jo nuen. Negar, negar eta negar aritu nintzen. Semeak galdetu zidanean ea zer nuen, eta esan nion egun horretan bakean uzteko. Liburuak poza eman digu, baina baita tristura ere".

Kontxi eta Miren Etxegoien, liburu argitarau berria esku artean dutela


Ederra da Getaria. Itsasoari begira egoten dira bisitariak luzaroan, baina etxegoiendarrek errespetu handia diote itsasoari. "Bainatzen naizenean ere, ez naiz oso urrun joaten; errespetu handia diogu ordutik", azaldu du Mirenek. 1980ko martxoaren 14az ari da. Kontxik minutuz minutu du gogoan guztia. Pasaian (Gipuzkoa) arraina saltzetik itzuli zen, eta senarrak, Felipe Torrek, esan zion itsasoratu egingo zela Kontxiren bi anaiarekin, Joxe Mari eta Joxe Joakinekin, Madre Obdulia izeneko ontzian. Bezperan berdel asko ekarri zuten, eta sareak jasotzera itsasoratu ziren. "Goiz itzuliko zirela eta abisatuko zuela esan zidan, moilara jaitsi gintezen laguntzera. Eta deitu zidan; esan zidan laster zirela eta dena prestatzeko. Hala egin genuen". Ordea, ez ziren ageri. Goiz erdia zen. "Hiru bider joan nintzen etxera senarrari irratiz deitzera, baina ez zidan hartzen. Halako batean, Myflower pare horretan zegoen gizon batek esan zidan ikusi berri zuela itsasontzia, baina buelta erdi eman eta gehiago ez zuela ikusi. Kofradiara jaitsi eta alarma eman genuen". Baporea desagertuta zegoen.

 

1980ko 'El Diario Vasco' egunkarian, Etxegoien familia


Ordu gutxitako kontua izan zen dena. "Goizean senarrarekin hitz egin nuenean, eguraldi ederra zegoen. Gero, baina, Zumaia eta Zarautz aldetik haize eta olatu asko etorri ziren, enbata moduko bat sartu zen, eta inoiz ez bezalako txingorra bota zuen", azaldu du. Alarma jotakoan, "Jose Maria Silvetti Kofradiako presidenteak esan zidan behar nuen guztia eskatzeko, eta esan nion nire gizona eta anaiak etortzea nahi nuela nik. Horregatik, arrastreroak ekartzeko eskatu nuen. Pasaiakoak, Ondarroakoak [Bizkaia] eta galiziarrak, denak etorri ziren". Egun hartan bertan azaleratu zen gasolina, eta eguraldiak utzi zuenean, urpekariak jaitsi ziren. Astebetez aritu ziren bilaketan, eta aurkitu zuten ontzia. "Esan zidaten hondarrak ia osorik estalita zeukala, eta ea zer nahi nuen egin. Zera esan nien: ez mugitu, gure kanposantoa hori izango da eta". Kontxik uste zuen sareetan kateatuta ekarriko zituztela gorpuak, baina ez ziren agertu inoiz.

Sareak, gasolina eta Etxegoien anaietako baten jertsea agertu ziren, ordea, eta alarguntasun saria jaso ahal izan zuen Kontxik –bestela hamar urtez itxaron behar izaten zen garai hartan desagertutakoa hiltzat jotzeko–. "Hilean 20.000 pezetarekin gelditu nintzen. Sareak erdi prezioan saldu, eta segituan lanean hasi behar. Zorrik ez genuen, baina zerua goian eta itsasoa behean gelditu nintzen".

Mirenek esan du gurasoek lagundu ziotela ahizpari, eta berak ere lan egiten zuenez, denen artean aurrera egin zutela. Umeak, baina, Donostiako barnetegi batean sartu behar izan zituen Kontxik astelehenetik ostiralera. "Arraindegi batean hasi nintzen lanean: 03:30ean jaikitzen nintzen arraina saltzeko, dendan jarraitzen nuen lanean 14:00ak arte, berriro 17:00etan dendara itzultzen nintzen, eta 21:00etan joaten nintzen etxera", azaldu du. "Negar asko egin dut nik. Ustez zerbait banintzen, zerbait baneukan, eta gero, besteentzako lan egin beharrean gelditu nintzen. Gogorra da hori. Txarra izaten da zuk negozioa jarri eta behera joatea; baina gauzak polit ikusi eta ezer gabe gelditzea... Hori gogorra da gero".

Plan asko zituzten Kontxik eta senarrak. "Batetik, gure ama bizi zen etxeen aurrean etxe berriak ari ziren egiten, eta haietako bat erosteko asmoa geneukan. Bestetik, gure anaia bat itsasontzian sartu zenez, senarrak itsasontzi handiagoa erostea nahi zuen. Pentsa zenbat plan genituen guk, anaia guztiak gurekin itsasoan biltzea pentsatzen baikenuen. Etxekoen indar guztiak biltzea zen nire gizonaren ilusioa".

Bizitza latza izan duela esan du Kontxik, baina ez da berezi sentitzen horregatik. "Ni bezala asko gelditu dira, bai galiziarrak, bai pasaitarrak... Hainbeste alargun daude... Liburu horri esker, gure istorioak eta besteenak jasota gelditu dira. Eskerrak eman nahi dizkiet denak hartu direlako kontuan, hemengoak eta hemengoak ez direnak, denak. Poza hartu dugu".

Oroitzapenak bizi-bizi

Ederki aldatu dira arrantza kontuak 1950eko hamarkadatik. Itsasontzi hobeak dira oraingoak, tresneria eta makineria aldetik aurrerapen handiak egin dira, eta arrantzarako baldintzak hobetu dira oro har. Ordea, orain arrain bila urrunago joan behar da, eta itsasontziak handiagoak direnez, egun gehiago egin behar izaten dira itsasoan. Hala laburtu ditu aldaketak Juan Eizagirre, Xantik. 91 urte bete zituen larunbatean, baina bizi-bizi gogoratzen ditu 19 urte zituela itsasoan pasatutakoak. 1949ko irailaren 5a zen. "Zimarroitan genbiltzan. Bertan-bertan ibiltzen ginen. Goizean hego haizea zen, baina arratsaldean, ekaitza gerturatzen ikusi genuen, eta harria ekarri zuen. Nik oraindik ez dut halako zaparradarik ezagutu". Harriarekin batera, haizea etorri zen, eta ontziari buelta eman zion, "pospolo-kaxari bezalaxe, rast". Eizagirre eta beste arrantzaleak "horregatik salbatu" zirela dio, Lurdesko Ama izeneko ontziak azkar hartu zuelako buelta. "Haizea gelditu zen, eta azalean mantendu zuen horrek". Hiru itsasontzi gelditu ziren gisa berean, hiru arrantzontzi ari baitziren arrantzan hantxe ilaran, pare-parean.

Juan Eizagirre, gaztetan. Ezkerretik aurrenekoa da.


"Hiru ontzietatik gizon bana galdu zen arratsalde hartan, eta hiru itsasontzietatik bat hondoratu zen". Eizagirrek bazekien igerian; galdu zuen lagunak, ez. "Baserrikoa zen Santi [Eizagirre Osa]. 17 urte zituen orduan. 19 nituen nik, eta oso ondo moldatzen ginen. Motorrak behean zeukan enbragea, eta haraxe joan behar zuela esan zidan istripuaren aurretik, eta ez nuen gehiago ikusi". Pena du Eizagirrek. "Igerian erakusteko asmoa nuen, baina zer gertatu zen? Zimarroitan hasi ginela, eta ez zegoela ezertarako denborarik, ezta ohean egoteko ere! Gauean garnata egiten eta egunez atuna harrapatzen aritzen ginen".

Gazteak izan ezik, gainerakoek lortu zuten ur gainera irtetea. "Nola hala igerian atera nintzen, ontzia atzean laga, bizkarra emanda, eta apartatu nintzen. Arrantzale batek deitu zidan, eta buelta eman nuenean, orduan ikusi nuen hantxe zegoela ontzia, azalean. Igerian nindoala, ez dakit nondik azaldu zitzaidan Joxe Mari Lasalde. Gerritik heldu zidan, eta ontzira zerbait gerturatzen nintzen, baina haizeak mugitu egiten zuen hura, eta nekatu egin nintzen halako batean. Pentsatu nuen: ‘Hemen salbatzekotan bat, neu’. Eta halaxe libratu nuen. Ez zuen batere indarrik egiten, makalduta zegoen. Pedrok ikusi zuen nola soltatu nuen, hura enbarkazioari eutsita zegoen, fresko zegoen, eta berak eraman zuen enbarkazio ondora".

Eizagirrek gogoan du Donostiako itsasontzi batek jaso zituela bera eta bere kideak, eta urpekariek esan zietela berriz jaio zirela. "Moilatik etxeratutakoan burua zuloz beteta neukan harriagatik. Beste erremediorik ez, eta ozpinarekin eta gatzarekin sendatu zizkidaten zauriak amak eta lehengusuak sukaldean. Kolpeentzat ona zela, eta...", esan du irrifartxo batekin. Esperientzia horren ondotik, zer? "Leihoak ixteko beldurrez egon nintzen ni; lo egiten nuen logelan leihoak zabalik edukitzen nituen. Dena den, bizi garenok esaten dugu zer gertatu zen. Baina han geratutakoek, zer? Askotan akordatzen naiz ni haiekin. Itsasoan galdutakoekin, asko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide