Urtarrilaren 26ko ohiko udalbatzarrean 2021eko aurrekontuen gain eragina duten kreditu aldaketa onartzeko irizpena izan zuten hizketagai. Joan den urteko gerakinetik 153.351 euroko kreditu aldaketa, hain justu. "EAJren udal taldea ados zegoen horrekin; hala eta guztiz, EH Bilduri galdegin zion ea diru hori mailegua kitatzera bideratu ostean, bi alderdiek 2021eko aurrekontuan adostutako proiektu guztiak egikarituko eta Covid-19ak sortuko dituen beharrei erantzuteko gai ote izango den udala", azaldu du EAJk. Jeltzaleek diote erantzuna ez zela argia izan, eta udal gobernuak ez duela konpromisorik erakutsi akordioarekiko.
Aitor Urresti EAJren udal taldeko bozeramaileak dio “akordioak betetzeko" direla: "Hitza eman zigun EH Bilduk 2021eko aurrekontua adostu genuen une berean, eta emandako hitza bete egin behar da” adierazi du. “Aurrekontu hedakorrak planteatu dituzte ia administrazio guztiek: murrizketak atzean utzi eta sektore publikoa inbertsioaren motor izatera. Getarian, ez dakigu 2021eko inbertsio aurreikuspenak finantzatzeko dirua badugun, baina 150.000 euro baino gehiago bankuei emango dizkiegu. Berriz diogu, zorra kitatzea ondo dago, baina udalaren funtsa den herritarren babesa eta herriaren garapena bermatua badago. Ez da kasua”, dio Urrestik.
"Gerakinak, hitza ez betetzetik"
Gaineratu du mailegua amortizazteko eskatu dutenean EH Bilduk erantzun izan duela ez dela komeni udalak interesik ez duelako ordaintzen. Orain, ordea, EAJren hitzetan behar gehien dagoenean, "udal gobernuak ahalmen ekonomikoa murriztuko dio udalari, dirua banketxeei itzultzeko". Urrestiren arabera, zorraren kitapena ez da kudeaketa on baten emaitza, eta EH Bilduk proiektu askoren inguruan hitz egin arren, asko gauzatu ez dituela dio. "Emandako hitza ez betetzetik" dator aurreko urteetako gerakina, jeltzaleen arabera. 2019an, esaterako, inbertsioen %49 gauzatu ez zela dio EAJk.
Jeltzaleek azaldu dute "guztiz bideragarria eta jasangarria" izan zela 2008ko mailegua eta kudeaketa bera. Eskatutako 737.000 euroko kredituarekin 29 proiektu egin zituen EAJk, haien hitzetan. "Orduko udal gobernu jeltzaleak inbertsio publikoaren alde egin zuen, herriaren garapena eta herritarren ongizatea bultzatuz. Orain, pandemia batek eragindako krisi sozial, osasun eta ekonomiko batean murgilduta, EH Bilduk banketxea lehenetsi du herriko inbertsioen aurretik; aurreikusten dute aurrekontuan jasotako inbertsioetan eta COVID-19ari aurre egiteko beharrezko baliabideetan exekuzio eza egotea. Bi alderdiek adostu dituzten inbertsioetan”, amaitu du EAJk.