2019an bete ziren 500 urte Juan Sebastian Elkanok lehen mundu bira hura egin zuenetik. Harrezkeroztik dozenaka ekimen egin dituzte urteurrenaren bueltan, eta gaur aurkeztu dute zerrenda horretan azkenengoa: Elkano battela, xumea baina gurea helduen ikuskizuna. Koldo Amestoy kontalaria, Nerea Alberdi konpositorea eta Kepa Elgoibar musikaria dira ikuskizuna ondu dutenak, eta hiru artisten artean osatu dute ordubete pasatxo irauten duen kontakizun eta musika ekitaldia. Getarian egingo dute estreinaldia, martxoan, zehazki.
Gaur aurkeztu dute lana Donostian, eta bertan izan dira Pantxoa Etxegoien EKEko zuzendaria eta Rafa Zulaika Elkano Fundazioko proiektu koordinatzailea, Amestoy, Alberdi eta Elgoibarrekin batera. Hala ere, proiektua iaz sortu zen, aipatutako bi erakundeek lankidetza hitzarmen bat sinatu ondoren. Elkarlanaren helburua izan da Elkanoren eta lehen mundu birari buruzko informazioa ematea eta garaiko testuinguru sozial, ekonomiko eta kulturala ezagutaraztea.
Hiru artistek lehen aldia dute elkarrekin lanean, baina aitortu dutenez, hori ez da "oztopo" izan proiektua sortzeko, ezta osasun egoera ere. Izan ere, koronabirusak zaildu egin die ikuskizuna sortzea, elkartzeko aukera gutxi izan baitituzte. Orain, ordea, estreinaldia elkarrekin prestatzen ari direla aitortu dute sortzaileek. Gainera, egoera okertu ezean, Lapurdin eskaini nahiko lukete bigarren emanaldia, "ziurrenik Donibane Lohizunen".