Joan den asteartean izan zen ohiko osoko bilkura Getarian, eta hizpide izan ziren, nagusiki, Makibar eremua, kreditu aldaketa eta Zarautz Jauregia. Lehenik eta behin, Makibar eremuaren ingurun jardun zuten udalbatzako kideek. Azaldu zutenez, Cristobal Balentziaga kaleko 1., 3., 5., 11. eta 13. atarietako eta Lormendi Aldapako 2. zenbakiko bizilagunekin adostasuna lortu du Getariako Udalak; hala, eremu pribatu horiek eskuz aldatzea eta publiko bihurtzea bozkatu zuten hautetsiek. Aldeko botoa eman zuten guztiek, beraz, aho batez onartu zuten aurrera egitea eskualdaketarekin.
Kreditu aldaketaren eztabaida atera zuten mahaira gero. Nahia Iturbe Ogasun zinegotziaren esanetan, udal gobernuaren asmoa da 2008ko mailegua kitatzera bideratzea kreditu aldaketa. 153.351 euroko kreditu aldaketa proposatu dute aurreko urteko gerakinetatik, urtean 50.000 euro inguru izateko "beste gauza batzuetarako". 2020ko aurrelikidazioarekin, udalak ia 500.000 euroko gerakinak izango lituzke.
EAJko buru Aitor Urrestik EH Bilduri galdetu zion, kreditu aldaketa egin ostean, ea udala gai izango den aurrekontuetan jaso diren inbertsio guztiak egiteko. Ibon Gereka EH Bilduko bozeramailearen arabera, inbertsio horiek ziurtatuta daude aurrekontuetan finkatutako sarrerak eta gastuak kontuan hartuta.
Eztabaidatu ostean bozkatu zuten zinegotziek: kreditu aldaketa egitearen aldeko botoa eman zuten EH Bilduko sei kideek, eta abstenitu egin ziren EAJko bost ordezkariak. Hortaz, kreditu aldaketa ere onetsi zuen Getariako Udalak.
Elkano Mundubira Espazioa helburu
Zarautz Jauregia ere izan zuten hizpide astearteko osoko bilkuran. Getariako Udalaren helburua da, hain zuzen, eraikina eraberritzea eta, Juan Sebastian Elkanok gidatutako biraren urteurrenarekin lotuta, gunea Elkano Mundubira Espazioa izendatzea. Haritz Alberdi Getariako alkateak udalbatzarrean jakinarazi zuenez, aurreproiektu bat idatzi zuten Zarautz Jauregirako, Gipuzkoako Foru Aldundiak nahiz Basque Tourrek begi onez ikusi zutena. Hala, Aldundiaren babesa du udalak proiektu arkitektonikoa osatzeko, eta Basque Tourrena proiektu museistikoa idazteko. Horretan ari dira orain.
Udalbatzarrak, baina, aho batez onartu zuen hitzarmena adostea Tonpe Getariako Gurasoen Elkartearekin eta Lagunak elkartearekin, Zarautz Jauregiaren erabilpenaren inguruan. Izan ere, Kale Nagusiko 40. eta 42. zenbakiak Tonperen jabetza ziren lehen, baina udalari eman zizkion dohaintzan, baldintza batekin: eraikina berritzeko lanak izanez gero, 40. zenbakia gurasoen elkarteak erabili ahal izatea.
Dena den, martxan da jada Elkano Mundubira Espazioa sortzeko proiektua, eta udalak proposatu dio Tonperi uko egitea zati hori erabiltzeari. "Baina udalak konpromisoa hartzen du herriko beste txokoren batean, edo hor bertan, lokala izango duela beti", gaineratu zuten astearteko batzarrean.
Guraso elkartearen proposamen bat ere barne hartuko luke balizko akordioak; hain zuzen, erabilera anitzak izango dituen espazio bilakatzea eraikinaren azkeneko pisua.