Arrantzaleen senitartekoei aurkeztu diete 'Getariako naufragioak' liburua gaur eguerdian

Onintza Lete Arrieta 2021eko urtarrilaren 15a

Gaur eguerdian aurkeztu dute Getariako Kofradiako aretoan Getariako naufragioak liburua. Ekitaldi itxia izan da, eta 50 herritar inguru bildu dira, denak liburuan ageri diren protagonistak edo haien senitartekoak. Hildako arrantzaleen omenez minutu bateko isilunea eginez hasi da ekitaldia, eta ondoren hitza hartu dute bost pertsonek: Emeterio Urresti Kofradiako presidenteak aurrena; Haritz Alberdi alkateak gero; Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburuak ondoren; eta azkenik, Ana Maria Benito Aranzadiko historialari eta arkeologoak eta Javier Mazpule urpekari eta Arkeolurreko kideak. Ikerketaren eta liburuaren egileak dira azken bi horiek.

Arrantzale Kofradiaren izenean, Urrestik esan du "sentimenduz eta saminez" daudela "momentu hunkigarri honetan", eta eskerrak eman dizkie liburua eta proiektua aurrera ateratzeko lan egin duten guztiei, eta bereziki Floren Iribar eta Nika Lertxundi aipatu ditu, aurreko agintaldiko EH Bilduko zinegotzia eta alkatea, hurrenez hurren.

Ezkerretik hasita, Floren Iribar, Javier Mazpule, Ana Maria Benito eta Nika Lertxundi, aurkezpena amaitu ondoren (Argazkiak: Onintza Lete Arrieta)

Haritz Alberdi alkateak ere eskerrak eman dizkie Iribar eta Lertxundiri. "Elkanok eman zion lehen bira munduari, baina ideia Magallanesena izan zen. Bada, honen guztiaren kulpa handi bat Nikarena da, eta eskerrak eman behar dizkiot. Baita Floreni ere: txunditu egiten nau zer pasiorekin bizitzen duen hau eta mila esker gure memoria kolektiboan parte eta aktibo garrantzitsu bat izateagatik". Tapia sailburuari, Eusko Jaurlaritzari, Kofradiari eta Aranzadiri ere eskerrak eman dizkie, baita liburuan parte hartu duten guztiei ere. "Pertsonak, familiak, zaudete istorio hauen atzean, baina aldi berean, herri oso bat dago, Getariako herria dago istorio hauen guztien atzean, eta bizipen hauen guztien oinarrian. Kasu hauek guztiak norbanakoenak dira, zuenak, hemen zaudetenonak, falta direnenak... Baina herriaren memoria kolektibo hori ere osatzen dute". 

Alberdik ekitaldiaren amaieran aurreratu du hemendik hilabete batzuetara plaka bat jartzeko asmoa duela udalak moilako punturen batean, itsasoan era batera edo bestera hildako guztien omenez. Bestalde, jakinarazi du bihartik aurrera Turismo Bulegoan 80 ale inguru egongo direla herritarren eskura, eta familiako bat jaso ahalko dela. Gaur aurkezpenean izan direnek ere eraman dute liburua etxera.

Arantxa Tapia eta Haritz Alberdi, aurkezpenean.

Liburuaren egileak ere hizpide izan ditu Alberdik. "Noski, eskerrak eman behar zaizkie gaurko bi protagonista nagusiei. Bata historialaria eta bestea urpekaria dira, eta zerbaitek lotzen baditu, hori itsasoa da, eta itsasoaren inguruan biltzen den guztia. Mila esker egindako esfortzu guztiagatik".

Tapiak ere eskerrak emanez hasi du hitzartzea, baina azpimarratu nahi izan du egitasmoaren garrantzia: "Ekimen hau, interesgarria izateaz harago, benetan egin beharreko zerbait da. Alkateak aipatzen zuen memoria. Askotan memoria modu desberdinetara aipatzen dugu, eta itsasoari lotuta dagoen herri batek horrelako memoria berreskuratzea eta ekartzea uste dut ezinbesteko lana dela. Zentzu horretan, zoriontzekoa da horrelako lan bat egin izana. Liburu horretan jasota gelditzen dira urteetako gertakariak, eta behin liburuan jarrita, gerorako ere hor gelditzen da". Aranzadik egindako lana ere aipatu nahi izan du sailburuak. "Asko hitz egiten dugu berrikuntzaz eta ikerketaz, baina normalean beste era bateko ikerketa izaten dugu hizpide, eta gaurko hau ere ezinbestekoa da".

Benitok eta Mazpulek pantaila handian erakutsi diete liburuaren edukia bertan bildutakoei, eta hogei minutu inguruz azalpenak eman dituzte. Aurrez, hitz batzuk egin ditu Benitok: "Liburu honek, tamainaz txikia izan arren, altxor bat gordetzen du: zuen istorioak. Liburu hau ez da gurea, zuena da, zuek bizitako pasarteei eta zuen testigantzei esker sortu da". Proiektu honen "alma mater izan da Floren Iribar, baita Nika ere", gaineratu du. Liburua omenaldi bat dela esan du Benitok. "Itsasoan hil ziren gizon hauek ez ziren guztiz hil, nabigatzen jarraitzen dute gurekin, liburuarekin, memoriarekin". Bereziki gogoratu ditu itsasoan desagertuta gelditu diren marinelak.

Urola Kostako HITZAk asteazken honetan argitaratu du erreportajea Getariako naufragioak liburuaz, Benitorekin berarekin hitz eginda. Hor irakur daitezke liburuan azaldu diren 39 itsasontzien izenak, baita informazioa eman duten herritarrak ere.

Liburuaren azalpena amaitu ondoren, azpimarratu dute liburua ez dela ezer itxia, informazio berria agertzen dela askotan, eta herritarrak animatu dituzte datu nahiz argazki gehiago badituzte, horiek partekatzera, "liburuaren bigarren edizio batean jasota gelditu daitezen, edo ikerketara gehitzeko". Hain zuzen, itsasoan hildako beste bi getariarren berri izan dute ikerlariek azken egun hauetan: Pastor Azkue Ibarbia, 1937an, eta bestea, Rufino Aizpurua Isasti, San Mateo ontzikoa.

Familiako liburu bana banatu du udalak. Turismo Bulegoan ere eskura daitezke, eta ondoren, dendetan jarriko dituzte salgai

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide