Datorren igandean, urtarrilak 17, izango da San Anton eguna Getarian, baina oraingoan, ez da ohiko ospakizunik izango. Aurten getariarrek ezingo dute txakolin berria dastatu festari hasiera emateko ohiko ekitaldian; dena den, aurkeztu aurkeztuko dute 2020ko uztatik sortutako txakolina, ekitaldi itxi batean. Getariako Balentziaga Museoan izango da txakolina aurkezteko ekitaldia, 12:00etan, eta "administrazio publikoek, upategiek eta hedabideek soilik" hartuko dute parte, antolatzaileek azaldu dutenez.
Getariako txakolina ekoizten duten upategien esanetan, emankorra izan da 2020ko uzta: 4.353.000 kilo mahats bildu zituzten, aurreko urtean baino %30 gehiago. "Kantitateari eta kalitateari" dagokionez "urte aparta" izan dela azpimarratu dute: "Osasun-kalitate oso ona duen mahatsa lortu da". 3.000.000 litro txakolin lortu dituzte orotara, alegia, 3.900.000 botila inguru. Horixe izango da, beraz, Jatorri Deiturarekin merkaturatuko dituzten botilen kopurua.
Upategiek, ordea, ohartarazi dute "merkaturatzearen beherakada handia" eragin dutela hotelen, jatetxeen eta kafetegien itxierak nahiz "Gabonetako kanpainaren eteteak". "Ekoizpen garrantzitsu batekin, urtea nola doan ikusi beharko da. Kanpainari dagokionez, esportazioak nahiko geldirik daude, baina aktibatzea espero da, nahiz eta aurreko kanpainarekin alderatuta jaitsiera aurreikusten den", diote.
2019-2020 kanpainan 560.000 botila inguru (ekoizpenaren %15) esportatu zituzten. Horietatik ia erdia bideratu zuten AEBetara, eta Frantziara, Japoniara nahiz herrialde nordikoetara egindako esportazioei ere egin diete azpimarra Getariako txakolina ekoizten duten upategiek.
Osakidetza, aurtengo Mahasti Jaun
Igandeko aurkezpen ekitaldian, ohi bezala, Mahasti Jaun izendatzea ere izango da. ETB2ko A bocados saioko kideei egin zieten aipamen berezia iaz; aurtengoan, aldiz, Osakidetza izendatuko dute Mahasti Jaun, "pandemia honetan egin duten eta egiten jarraitzen duten lanagatik eta mahats-bilketa zail batean emandako laguntzagatik". "Euskadiko mahastizaintza eta ardogintza sektorearen eta Administrazioaren artean akordioa lortu ondoren, asko lagundu ziguten Getarian mahats-bilketa baino lehen 750 PCR inguru antolatzen", gaineratu dute upategietako arduradunek. "Bereziki" eman dizkiete eskerrak "Donostialdea ESIko langileei eta DYAko langileei".