Protagonista asko ditu ostiral honetan Getarian aurkeztuko duten Getariako naufragioak liburuak. Egileak Ana Maria Benito Aranzadiko historialari eta arkeologoa eta Javier Mazpule urpekari eta Arkeolurreko kidea dira, baina Benitok azpimarratu nahi du Floren Iribar Getariako zinegotzi ohia dela proiektu honen guztiaren alma materra, eta herrian elkarrizketatu dituzten guztiak, oinarri garrantzitsuena. "Florenek ezagutzen du mundu hori, eta lan handia egin du guri dena erraztuz eta familien berri emanez. Hari esker osatu genuen agenda bat elkarrizketatuekin, eta haiek eman ziguten aurreneko informazioa eta baliotsuena, baita elkarrizketatu gehiagorengana eraman ere".
Liburuak ikerketa bat du oinarrian. "Duela hiruzpalau urte bebeste lan bat argitaratu genuen Javierrek eta biok, euskal kostaldean egondako naufragioez. Liburua hainbat herritan aurkeztu genuen, tartean Getarian, eta uste dut hortik sortu zela udalaren interesa. Florenek aurkezpena entzun zuenean, esan zigun hori guztia egon zela Getarian ere, eta guk pentsatzen genuen oker zegoela. Bagenuen naufragio batzuen berri, bagenuen daturen bat, baina ez genuen uste horrenbeste egon zitekeenik". Emaitzarekin harrituta gelditu da Benito bera. "Ez daukat nahikoa datu konparazioak egiteko: dakidan bakarra da ikaragarria dela Getarian aurkitu duguna. Uste genuena baino askoz gehiago egon da".
Haritz Alberdi alkateak liburu barruko aurkezpenean azpimarratzen du, hain zuzen, "nekez" uler daitekeela getariarren historia "itsasoan begirada jarri gabe". Horregatik, udalak eskatuta, ikerketa txiki bat egin zuten aurrena, bilaketa XX. mendera mugatuta. "2017koa da azken datua, urte hartan Gure Patxikurena gertatu zelako, baina gainontzean aurreko mendera mugatu gara", azaldu du Aranzadikoak. 39 itsasontzik edukitako naufragioen berri eman dute liburuan. Denetariko ontziak daude, baina arrantzontziak dira gehienak. Getariarekin lotura dute ia guztiek, era batera edo bestera, izan Getariako marinelak zeudelako hondoratutako itsasontzietan, izan Getariako kostaldean gertatu zirelako ezbeharrak. Gerra kontuak, istripuak, enbatak... Denetariko gertaerak egon dira aurreko mendean. Zenbatutako heriotzak, berriz, 125 baino gehiago.
Herrian elkarrizketa ugari egin dituzte liburuaren egileek, eta horien izenak ere jaso dituzte, argazki eta guzti: Juan Eizagirre, Pepita Basterretxea, Benigno Burgaña, Benito eta Josefina Gil Darpon, Maria Concepcion eta Miren Sorkunde Etxegoien, Eukene Etxegoien, Mari Nieves Garmendia, Juan Jose Azkue, Mari Karmen Lopez, Pello Iribar, Inaxi Sorazu, Ezekiel Hilario Larrañaga, Fermin Larrañaga, Joxe Antonio Ibarbia, Ibon Errazkin eta Jesus Mari Bordagarai, Jose Luis Aranguren, Luis Alkorta, Antonio Iturbe, Endika San Martin, Emeterio Urresti, Ezekiel Alberdi, Tomas Otamendi, Edorta Murua eta Joxe Angel Kerejeta dira. Naufragioren batean hildakoen edo biziraundakoen senitartekoak dira gehienak, baina batzuek beren larruan bizi izan zuten naufragioa. Gil Darpon anai-arreben kasua da hori: "Ia elkarrizketa guztietan egon naiz, baina familia horrekin Javier izan zen, eta hunkituta etorri zen. Esango nuke, jaso ditugun testigantza guztietatik gogorrena izan dela", azaldu du Benitok. "Ez da gauza bera aitonari aspaldi gertatu zitzaionaz hitz egitea, edo 2002an zeuri gertatu zitzaizunaz. Aita eta ahizpa hil zitzaizkien naufragioan, eta beraiek bizirik atera ziren", gogoratu du Benitok.
Morbo eta tristuratik ihesi
Elkarrizketatuek emandako informazioa eta haiengandik jasotako testigantzak gogorrak izan arren, Benitok argitu du "morbotik eta tristuratik aldendu" nahi izan dutela. "Naufragioren batean hildakoei egiten zaien aitortza edo omenaldia da hau. Liburuan jasota, hor gelditzen dira bizia galdu zuten haiek". Getariako urek azpian itsasontzi asko duten galdetuta, baietz azaldu du Benitok, eta horri polita deritzo. "Hildakoen gorpu asko ez dira berreskuratu, baina itsasontziak hor azpian daude, horietan bizia sortu da, landare eta animalia txiki politez bete dira, eta nolabait, hildakoek ere hor jarraitzen dute horren bitartez".
Liburuan jasotako datuek pelikuletan ikusitako irudiak gogorarazten dizkigute: enbatak, urpekariak erasoan, marinelak itsasoan, ontziak naufragoak salbatuz... Gertakari askok Getaria aise gainditzen dute: 1936ko gerrarekin lotutako pasadizo asko dago, baita Lehen eta Bigarren Mundu Gerrekin lotutakoak ere. Horiez gain, atentzioa ematen duten bi gertakari handi daude: Lyndiane merkantzia-baporeari buruzkoa da bat. 1918an gertatu zen, Lehen Mundu Gerran. Senegaldik Frantziara zihoan ontzia, olioa egiteko kakahuetez eta tonaka haragiz beteta, erresistentzia frantsesa hornitzeko. 1918ko uztailaren 16an, Zumaia eta Deba arteko Sakonetatik 3-4 miliara zegoela, urpekari alemaniar batek eraso zion. 35 pertsona hil ziren, eta gertakari hori zehatz-mehatz kontatua dator liburuan.
Fitxarik ez duen arren, liburuaren hasierako azalpenetan, enbatari buruzkoan, ageri da beste gertakizun lazgarri bat. 1961eko uztailaren 12an, izan ere, enbatak "Kantauri itsasoko flota osoa suntsitu zuen, hegaluzearen kanpainan zebilena: 20 arrantza-ontzi hondoratu ziren, eta 83 arrantzale ito". Haien artean zegoen Getariako Izarra ontzia.
Garrantzia eta tamaina anitzetako gertakariak dira bildu dituztenak. Batzuk asko laburbildu behar izan dituzte. "Beste batzuetan, ez genuen informazio asko, eta guztia jarri dugu".
Ordu askoko lana izan dela aitortu du Benitok, baina oso eskertuta dago elkarrizketa eman duten herritar horiei guztiei, eta umorez, gaineratu du batzuetan ez dela erraza izan protagonistek esandakoa deszifratzea: "Adibidez, Sagrada Familia ontzia gora eta Sagrada Familia ontzia behera ibili zitzaizkigun batzuk, eta guk ezin aurkitu inolako daturik ontzi horri buruz. Halako batean, konturatu ginen Sendi Deuna itsasontziaz ari zirela. Gauza bera gertatu zen Jesus Milagroso ontziarekin, herritarrek BH deitzen diotelako".
Liburu dibulgatiboa
Jasotako informazio guztiari forma ematerako orduan, argi izan dute helburua: lana gizarte osoarentzat erakargarria eta ulerterraza izatea. "Ez genuen nahi kontsultatzeko liburu bat egin, herritarrek irakurtzekoa baizik. Denentzat erakargarria izatea nahi genuen, errelatoek beraiek hitz egitea. Bereziki gazteengana iritsi nahi genuke, haiek erakarri, hori baita beti zailena guretzat". Asmo hori agerikoa da liburua ikusiz gero: azalpenak motzak eta argiak dira; irudi asko ditu; eta gertakari bakoitzak bere fitxa du hasieran, datu zehatzekin. Hasieran gaiaren kokapen labur eta bizia dago, eta amaieran, informazio garrantzitsuena biltzen duen koadroa, baita glosarioa eta oharren kapitulua ere, artxiboko lana ere erruz egin baitute egileek.
246 orrialdeko liburuaz gehiago jakiteko Turismo Bulegora gerturatu beharko dute getarriarrek ostiralean. Doan banatuko dituzte batzuk, eta ondoren, ohiko tokietan salgai egongo dira.
LIBURUAN AGERTZEN DIREN ITSASONTZIAK
Itsasontzien zerrenda, eta naufragioa izan zuteneko urtea.
Manolo. 1905-11-13.
Aurelia. 1905-11-26.
Maria. 1905-11-26
Virgen del Carmen. 1915-01-27
Nuestra Señora del Carmen. 1918-04-16
Lyndiane. 1918-07-16
Dos Hermanas. 1934-02-17
Virgen del Carmen. 1934-02-17
Bonanza 2. 1934-10-15
San Antonio. 1934-10-15
San Jose. 1934-10-15
Goizeko Izarra. 1937-01-17
Mari-Toya. 1937-01-18
Nabarra. 1937-03-05
D-17 (Marcos). 1937-08-14
Sendi Deuna (Sagrada Familia). 1940-02-17
Amesti Mendi. 1949-09-05
Jose Ignaciorena. 1949-09-05
Lurdesko Ama. 1949-09-05
Jesus Milagroso (BH). 1950
Pascualtarra. 1950-09-25
Izarra. 1961-07-12
San Antonio Abad 3 (Zumeta). 1962-10-28
Virgen de los Remedios. 1966-11-03
Benigno. 1967-02-06
Yolimar. 1976-02-06
Ibarbia Hermanos. 1977-09-18
Jose Domingo. 1979-05-23
Madre Obdulia. 1980-03-14
Nuevo Ezequiel. 1981-12-04
Igone. 1990-03-14
Divino Corazon. 1993-04-20
Nueva Yolanda. 1994-01-24
Juliana. 1994-05-02
Eleuterio Iribar. 1995-10-25
Ezekiel. 1997-10-04
San Antonio. 2002-02-06
Manu. 2008-08-23
Berriz Patxiku. 2017-09-25