Bertsozale askorentzat hitzordu garrantzitsua izan ohi da urtarrilean ospatu ohi den Bertso Eguna. Aurten, ordea, Bertso Egunak antolatuko dituela iragarri du Bertsozale Elkarteak, "bertso plaza hauspotzen" segitzeko jomugarekin. Hiru izango dira, hain zuzen ere: urtarrilaren 30ean egingo da lehena Hazparnen (Lapurdi); otsailaren 13an, Iruñean; eta hirugarrena, martxoaren 27an, Getarian. Saioetarako sarrerak eskuragai daude jada bertsosarrerak.eus atarian eta, aurretik agortu ezean, saioa baino astebete lehenago itxiko dute sarreren salmenta Getariako saiorako.
Cristobal Balenciaga museoan izango da martxoko saioa, 19:00etan, eta ondoko bertsolariak ariko dira kantuan: Alaia Martin, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi. Gai-jartzaile lanak, berriz, Maite Berriozabalek egingo ditu.
Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, bertatik bertara nahiz Internetez jarraitu ahalko da saioa. Bigarrenerako aukera izango da bertsoa.eus atarian. Modu baterako zein besterako sarrera erosi behar da aurretik, baina ezberdinak izango dira: 12 euro balio ditu aretorako sarrerak, eta 5 Internetekoak. Bazkideek merkeago lortu ahal izango dute (10 eta 3 euroren truke, hurrenez hurren), eta gazteek ere beherapena izango dute.
Mendeala eta Gayarre
Hazparneko eta Iruñeko Bertso Egunak Mendeala gelan eta Gayarre antzokian izango dira, hurrenez hurren, horiek ere 18:00etan. Lapurdiko saioan Amets Arzallus, Elixabet Etxandi, Maialen Akizu eta Sustrai Colina ariko dira kantuan Aimar Karrika lemazain dutela; Nafarroakoan, berriz, Julio Soto, Miren Amuriza, Onintza Enbeita eta Xabier Silveira ariko dira kantuan, Ainhoa Larretxeak jarritako gaiei erantzuten.