Ohiko sanantonen faltan, hainbat kultura ekitaldi egingo dituzte Getarian datorren astean

Amaia Urbieta Arruti 2021ko urt. 10a, 14:15

Bertso saioaz, zirkuaz nahiz antzerkiaz gozatzeko aukera izango da datozen egunetan Getarian. Ekitaldietarako sarrerak turismo bulegoan jarriko dituzte salgai.

Egun bereziak datoz getariarrentzat; hurrengo igandean, hilaren 17an, izango da San Anton eguna, txakolin berria dastatzeko festa eguna. Aurten, ordea, gainontzeko jai guztiekin gertatu bezala, modu desberdinean ospatu beharko dute getariarrek, koronabirusak eragindako egoerak ez baitu ohiko festarako tarterik uzten. Dena den, ez da aspertzeko aukerarik izango Getarian; Udalak kultur ekitaldien aldeko apustua egin, eta hainbat hitzordu finkatu ditu datozen egunetarako:

  • Urtarrilak 15, ostirala.
    • Getariako naufragioak. XX. mendea liburuaren aurkezpena, 12:00etan arrantzaleen kofradian. Jakinarazi dute COVID-19a dela eta protagonistek eta haien ingurukoek soilik izango dutela joateko aukera. Ondoren, liburuak eskuragarri jarriko dituzte turismo bulegoan.
    • San Antonetako bertso saioa. 19:00etan Cristobal Balenciaga museoan. Bertsolariak honakoak izango dira: Aner Peritz, Andoni Egaña, Ane Zuazubiskar, Oihana Iguaran, Unai Agirre eta Oihana Bartra. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Ane Ezenarro ariko da. Sarrerak eskuragarri jarriko dituzte turismo bulegoan, asteartetik aurrera, 12 euroan.

 

  • Urtarrilak 17, igandea, San Anton eguna.
    • Neguko zirkua. Familia osoarentzako ikuskizuna, 12:00etan Sahatsaga kiroldegian. Sarrera-gonbidapenak eskuragarri egongo dira turismo bulegoan asteartetik aurrera. 
    • Matriuska antzezlana. Amancay Gaztañaga eta Iraia Eliasen eskutik. 19:00etan Iturzaeta aretoan. Sarrerak eskuragarri egongo dira turismo bulegoan asteartetik aurrera, 5 euroan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide