Amaitu dituzte Herrerieta kaleko urbanizazio lanak. Zenbait hobekuntza egin ditu Getariako Udalak kale horretan, 350.000 euroko kostuarekin: 260.000 euro inbertitu dituzte urbanizazio lanetan, eta 90.000 saneamenduan. Udalak jakinarazi du egindako lanei esker herriko euri-urak eta ur fekalak jaso eta bideratzen dituen hoditeria ia guztia banatuta dagoela Getarian, eta gutxi direla Gipuzkoan egoera horretan dauden herriak.
Irisgarritasunean eta mugikortasunean hainbat hobekuntza egin dituzte, horien artean, elbarrientzako lau aparkaleku berriren sorrera eta oztopo arkitektonikoak kentzea. Hemendik aurrera, beraz, gurpildun aulkiek, haur-kotxeek eta adinekoek oztoporik gabe igaro ahal izango dute kale osoa. Espaloi bat ere zabaldu dute, herritarrek joan-etorriak irisgarritasun berme guztiekin egin ditzaten.
Egin diren beste lanetako batzuk dira lurra asfaltatzea eta pintatzea, aparkaleku batzuk zabaltzea, motoentzako aparkalekua sortzea eta zamalanetarako beste gune bat jartzea. Magallanes kalearekin lotzeko espaloi berri bat ere egin dute.
Potzuaga eta Akarregi arteko bihurguneko zorua ere hobetu dute. Udalak gogorarazi du zulo handia egiten zela gune horretan, eta pasabidea leundu dutela orain. Argiteria ere hobetu dute inguru horretan, farola berriak ezarri baitituzte. Herrerieta kalean egindako lanen barruan, bi hondakin gune batu dituzte, mankomunitateko teknikariekin elkarlanean.
Udalak jakinarazi du bizilagunek ondo baloratu dituztela esku hartze horiek, eta hobekuntzak eskertu dizkietela udal gobernuko zenbait hautetsiri.