Getariako EAJ pozik agertu da adostutako aurrekontuarekin

Amaia Urbieta Arruti 2020ko abenduaren 21a

2021erako aurrekontuaren alde bozkatu du Getariako EAJk, eta pozik dago Udal Gobernuan den EH Bildurekin adostasunera iritsi izanagatik. Ohar bidez azaldu dute, besteak beste, "aurreko urteetan jeltzaleek proposatutako proiektuak aurrekontuan barneratu" eta "hobekuntza proposamenak onartu" dituela Udal Gobernuak.

Azaroko ohiko osoko bilkuran onartu zuen Getariako Udalak 2021erako aurrekontua. Oposizioan den EAJ udal taldeak aurrekontu proposamenaren alde bozkatu zuen, eta prentsa ohar bidez azaldu du "pozik" direla "aurreko urteetan jeltzaleek proposatutako proiektuak barneratu direlako eta hobekuntza proposamenak onartu dituelako Udal Gobernuak". Azpimarratu dute beharrezkoa dela uneotan indar berezia jartzea herritarrak babestean, baita ehun ekonomikoaren eta enpleguaren sustapenean ere.

Oharrean jakitera eman dute, besteak beste, alor ezberdinetako honako ekimen hauek txertatu dituela EAJk aurrekontuan: Banda Zabal Ultraazkarra landa guneetara iristeko lanak egitea, ibilgailu elektrikoen karga puntuak ezartzea, herrian coworking espazioa zabaltzea, Aldamar parkea estaltzeko aurreproiektua idaztea, Elkano herritartze proiektua, padel pista azpian aldagelak eta dutxak egiteko proiektua zein etxebizitza turistikoen azterketa egitea.

Nabarmendu dute aurreko urteetako proposamenak ere barneratu direla, hala nola gazteriarentzako zuzeneko partida, herri bideak egokitzekoa edo gizarte ongizaterako beharren ikerketa.

"Adi eta kritiko"

EAJ udal taldeak balioan jarri du aurrekontuan adostasunera iritsi izana. "Eztabaidatu dugu eta lana eta proiektuak puntu amankomun batera eramatea lortu dugu. Argi adierazi behar dugu une oro jeltzaleek eskua luzatuta izan dugula agintaldi hasieratik. Orduan Koalizio Gobernua eskaini genion EH Bilduri, eta ez zuen nahi izan". Agintaldi hasierako tratu eza gogorarazi ondoren, orain "elkarlanean jardutea" tokatzen zaiela nabarmendu dute jeltzaleek oharrean. "Eskua, beste behin, zintzoki luzatua dugu, baina oso adi eta kritiko jardungo dugu konpromiso guztiak bete ditzan Gobernuak herriaren mesedetan"

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide