Eraberritze lanak azaroan amaitu bazituzten ere, gaur aurkeztu dute Getarian Iturzaeta Herri Eskolako jolastoki berria. Hainbat hilabeteko lanen ondoren, Nagore Etxabe Iturzaeta herri eskolako zuzendariak "eskerrak" eman nahi izan dizkie proiektuan modu batera edo bestera parte hartu dutenei, eta gaineratu du ikasleak eta familiak "oso pozik" daudela emaitzarekin.
Zuzendariak aitortu duenez, "oso egoera kaskarrean" zegoen jolastokia obrak hasi aurretik, eta horrek haurren "garapen integrala" oztopatzen zuela gaineratu du. Etxaberen hitzetan, "onartezina" iruditu zitzaien horrela jarraitzea, eta horregatik erabaki zuten laguntza eskatzea bai Getariako Udalari, bai Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari.
Guztira hiru eremu sortu dituzte jolastoki berrian. Lehenengoari plaza deitu diote, eta lehen espazio irekia zena, orain itxi egin dute ate gardenekin. Izan ere, Etxabek dio eremu "hotza eta hezea" zela, eta aldaketekin, haurrek mugimendu atonomoan ibiltzeko nahiz hainbat ekintza mota egiteko aukera izango dutela. Bigarrengoan, aldiz, itsasoa eta lurra uztartu nahi izan dituzte, eta elementu naturalak erabili dituzte bertan: ura, pinuazalak, hondarra... Horren helburua da haurrak "esperimentazioan eta jolas sinbolikoan aritzea" , gaineratu du herri eskolako ordezkariak. Sarrerako espazioan, berriz, zentzumenei eta mugimenduei eman nahi izan diete garrantzia, eta horretarako, hainbat jolas mota jarri dituzte bertan. Horrela, haurren garapen integrala bermatu dezaketela gaineratu du Etxabek.
Auzolana oinarritzat
Auzolanaren garrantzia nabarmendu nahi izan du Etxabek. Izan ere, herri eskolako umeen gurasoek eta hezitzaileek ere lagundu dute jolastokia berritzen. "Hormak pintatzen, sarrerako jolasak jartzen eta beste hainbat lanetan ere lagundu dute", gaineratu du zuzendariak.
Bere aldetik, Amaia Urzelai Hezkuntzako Gipuzkoako lurralde ordezkariak herri eskola osatzen dutenen "lana eskertu" nahi izan du. Bere hitzetan, ez da herri eskolako proiektua bakarrik izan, "herri osoarena" baizik, eta bide horretan, guraso komuninatearen, irakasle taldearen eta eskolako zuzendaritzaren lana goraipatu nahi izan du. Izan ere, Urzelaik dio haurrak direla edozein proiekturen helburu, eta beraien ongizatea bermatzen duten proiektuak beti izango direla ongi-etorriak.
Haritz Alberdi Getariako alkateak ere esker oneko hitzak izan ditu proiektua aurrera eramaten lagundu dutenentzat, eta garbi utzi nahi izan du, zailtasunak zailtasun, Getariako Udalarentzat beti izan dela hezkuntza lerro estrategikoa. Bere hitzetan, hezkuntza beti dago lotuta herri baten garapen sozial, ekonomiko eta kulturalari, eta horregatik, Getariako alkatearen hitzetan, garrantzia berezia eman behar zaio.