Gabonetako programa aurkeztu du Getariako Udalak

Aiora Larrañaga 2020ko abenduaren 11

Emanaldietako sarrerak aldez aurretik jaso behar dituzte herritarrek. Abenduaren 15ean, postua jarriko du Berdura Plazan, eta hilaren 16tik aurrera Turismo Bulegoan eskuratu ahal izango dira.

Getarian Gozatu Kultura ekimenari jarraipena emango diote abenduan. Hala, Getariako Udalak abenduaren 19tik 30era bitarterako emanaldi sorta antolatu du Gabonetarako eta gaur egin dute aurkezpen ekitaldia. Amoria ta Dolore, Elkanoren lehen mundu bira dantza ikuskizunak irekiko du programa hilaren 19an, eta dagoeneko ehun sarrera saldu direla jakinarazi dute udaleko arduradunek: kiroldegian izango da saioa, 19:00etan.

Egun berean, Gabonetako apaingarriak egiteko haurrentzat tailerra antolatu dute goiz parterako Berdura Plazan, Urritza taldeak gidatuta. Babes neurri guztiak bermatuta egongo dira eta izen-ematea aldez aurretik egin behar da taldeak antolatu ahal izateko. Jardueran parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute urritza@gmail.com helbidera idatzita.

Abenduaren 24rako, Olentzerori eta Mari Domingiri harrera ere antolatu nahi du udalak, eta aurkezpenean azaldu dute herritar talde bat buru-belarri ari dela ekimena prestatzen. "Iaz hartutako bideari jarraipena eman nahi diogu. Dena dela, aurten egoera berezia denez, Elkanoren monumentura eraman nahi ditugu, eta mailaka banatuta, talde txikitan haurrei Olentzero eta Mari Domingi ikusteko aukera eman nahi diegu. Ikuskizuna antzerki modukoa izango da, eta galtxagorriek kontatuko dute istorioa. Modu horretan, babes neurriak errespetatuz, betiko magia horri eutsi nahi diogu. Dekretu berria atera berri da eta ikusiko dugu hori oinarri aintzat hartuta nola egingo dugun harrera", azaldu du Ekaitz Esteban zinegotziak.

Abenduaren 26an, larunbatean, 19:00etan, Esti eta Mikel Markezek Azal berritzen disko berria aurkezteko kontzertua eskainiko dute eskolako aretoan; Julen Alonso eta Arkaitz Miner izango dituzte lagun oholtza gainean.

Bestalde, abenduaren 27an, igandean, Esnatu Naiz kabaretak antzerkia, dantza eta musika uztartuko ditu. Formatu txikiko ikuskizunak euskal musika izango du oinarrian, eta hori ere Iturzaeta Eskolako aretoan izango da, 19:00etan.

Urteko azken ekitaldia abenduaren 30ean, asteazkenean, izango da, eta Dirt jump eta Trialsin ikuskizunak hartuko du Sahatsaga kiroldegian, 18:30etik aurrera.

Sarrerak
Amoria eta Dolore emanaldirako sarrerak salgai daude dagoeneko Turismo Bulegoan, eta gainontzeko ekitaldietara joan nahi duten herritarren –baita Olentzero eta Mari Domingiren harrerara ere– izenak hartzen eta sarrerak saltzen izango dira udaleko ordezkariak abenduaren 15ean, Berdura Plazan, 16:30etik 18:30era.

Esti eta Mikel Markezen kontzerturako eta Esnatu Naiz kabaretarako sarrerak bost eurotan izango dituzte salgai. Abenduaren 16tik aurrera, berriz, Turismo Bulegoan eskuratzeko aukera izango dute herritarrek. Aurkezpenean azaldu dute abenduaren 15ean Berdura Plazan salgai jarri nahi dituztela getariarrek lehentasuna izan dezaten.

Erregeen kabalgata
Eguerdiko prentsa agerraldian Haritz Alberdi alkateak jakinarazi du ari direla urtarrilaren 5ean egiten den erregeen kabalgata antolatzen. "Aurreko urtetan Bizar zuri eta Erregeen kabalgata antolatu dituzten elkarteekin harremanetan gaude eta bilerak egiten hasi gara. Ideiak baditugu eta egun horretarako zerbait antolatzea da gure asmoa", zehaztu du Estebanek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide