'Malen Etxea. Zaintzaren esklabo' dokumentala emango dute Getarian ostegunean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko abenduaren 7a

Etxeko zaintza-lanetan soldatapean jardun duten lau emakume langileren testigantzak jasotzen ditu ikus-entzunezkoak. Mariñak talde feministak antolatuta, Getariako Iturzaetan ikusi ahal izango da ostegun honetan.

Silvia Carrizok, Jessica Guzmanek, Luz Agirrek eta Minak hartzen dute hitza Malen Etxea. Zaintzaren esklabo dokumentalean. Etxeko zaintza-lanetan soldatapean aritutakoak dira laurak, eta haien lanpostuei lotuta jasan behar izan dituzten esplotazio egoera eta bizi-baldintza latzak azaltzen dituzte Maitane Subijanak zuzendutako ikus-entzunezkoan.

Ostegun honetan, abenduak 10, Getariako Iturzaeta eskolako aretoan izango da dokumentala ikusteko aukera, 19:00etan hasita. Mariñak talde feministak prestatu du emanaldia.

Egun horretan nahiz hurrengoan, greban egongo dira Gipuzkoako egoitzetako langileak, eta Mariñakeko kideek bat egin dute haien borrokarekin. Ostegunean elkarretaratzea egingo dute beharginek Zarautzen, eta bertaratzera dei egin du Getariako talde feministak ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide