Ia urtebete barne lanketan aritu ondoren, aurreko asteko ohiko osoko bilkuran onartu zuten 2009ko irisgarritasun planaren eguneratzea Getarian. Ikersarea enpresa arduratu da plana egiteaz, eta 22.143ko kostua izan du eguneraketak. Txosten hori beharrezkoa da udalarentzat, hobekuntzak egiteko Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzak lortzeko derrigor aurkeztu behar baita. Planak bilatzen du «herritarrak erdigunean» jartzea, Haritz Alberdi alkateak jakinarazi duenez. Herritarrak Getariako txoko guztietara iritsi ahal izatea eta baliabideak eskura izatea du xede.
Txostenean ekintza plan bat jaso dute, eta plana martxan jartzen dutenetik agintaldi amaierara arte egitea aurreikusten duten aldaketak zehaztuta daude. Planak erantzuten die kaleetan egin beharreko hobekuntzei, hemeretzi udal eraikinetan egin beharrekoei, garraioarekin zerikusia dutenei, baita komunikazioarekin lotura dutenei ere. Nahiz eta udalaren eskumena ez izan, portuan egin beharreko ekintzak ere sartu dituzte txostenean. Gutxi gorabehera, 8 eta 9 milioi euro arteko kostua izango luke planean jasotzen den guztia egiteak. Agintaldia amaitu arte egitea aurreikusi dutenaren kostua, berriz, 800.000 eta 1.000.000 artekoa da. 2009tik gaur arte, irisgarritasuna hobetzeko ekintzetan gutxi gorabehera 1.400.000 euro gastatu direla ere kalkulatu dute.
Agintaldia amaitu artean egin nahi dituzten aldaketen artean daude, esaterako, Alde Zaharrean zenefa jartzea eta Malkorbe hondartzaren alboko pasealekuan espaloia zabaltzea, ertzetan dauden farolak tokiz aldatuta. Aldamar parkean dauden eskailera mekanikoek ere irisgarritasuna oztopatzen dute, eta agintaldi honetan horri konponbidea ematea da asmoa, izan igogailu baten bidez, izan beste soluzioren bat topatuta.
Ekarpenen txanda
Orain jendaurrean dago plana, eta hala egongo da abenduaren 15era arte, herritarrek haren berri izan eta hala nahi izanez gero ekarpenak egin ditzaten. Horretarako bi bide ahalbidetu ditu udalak: zuzenean udaletxera jota, Udaltzaingoaren ordutegian (astelehenetik igandera, ostegunetan izan ezik, 09:00etatik 14:00ak arte), edo getariarrenpartehartzea@gmail.com helbidera idaztita. Planak jasotzen duenaren laburpena jarri dute udaletxearen sarreran ikusgai, modu argi eta bisualean; planoak eta koloreak erabili dituzte aldaketak adierazteko. Txostena zehatzago aztertu nahi duenak, berriz, bertan dauden QR kodeak eskaneatuta eskuratu dezake
osorik.