Datorren ostegunean Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta Getariako Udaleko Euskara Sailak egun horretarako antolatutako ekitaldien berri eman du. Kantu saioa eta Irrien Lagunen ikuskizuna izango da egunean zehar.
Goizean hasi eta bazkalondora arte, 9:30etik 15:30era bitartean, euskal kantak abesten arituko dira Getariako ikasleak, txandaka. Aretoan eta HHko atarian elkartuko dira, eta hiru kanta abestuko dituzte: Euskararen txantxangorria, Aldapan gora eta ikasle taldeak nahi duen beste abesti bat. Bi irakaslek gitarra joko dute kantu saio honetan.
Arratsaldean, berriz, Irrien Lagunen eskutik, Tiritatxorekin egin irri ikuskizuna izango da Iturzaeta aretoa. Haurrei eta beraien familiei zuzendutako emanaldia izang da, eta bi saio izango dira: 16:30ean lehena eta 17:30ean bigarrena. Osasun krisialdia dela eta aforua mugatuta egongo da, eta ikuskizunera gerturatu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute Getariako Turismo bulegoan.
Ikuskizun honen sinopsia hau da: Tiritatxo, pediatra goxoa eta alaia da. Beti dago laguntzeko prest. Irriarekin jolas egitea eta istorio dibertigarriak kontatzea maite du. Modu dibertigarri batean osasuna eta irria elkarrekin gozatzeko errezetak elkarbatuko ditu.