Getariako udalbatzak aho batez onartu ditu 2021eko aurrekontuak

Dorleta Agiriano Lai 2020ko azaroaren 25a

(Dorleta Agiriano Lai)

Asteartean, azaroak 24, elkartu zen Getariako udalbatza ohiko osoko bilkura egiteko. Besteak beste, datorren urtera begira osatutako aurrekontuen proposamena aho batez onartu zuten bi udal taldeek, behin-behinean. EH Bilduko eta EAJko hautetsiek, beraz, proposamenaren aldeko botoa eman zuten plenoan, eta Haritz Alberdi alkateak azpimarratu zuen "urte asko" zirela Getarian aurrekontuak aho batez adosten ez zirela.

3.671.000 euroko aurrekontua onetsi du udalbatzak, eta Alberdiren arabera, "pertsonen beharrei erantzuteko" sortutako partidak izango dira "garrantzitsuenak". Horien artean handiena izango da "zuzenean COVID-19aren pandemiarekin lotutakoa". "2021ean ez dakigunez nola egongo garen, badaezpada ere, 30.000 euroko diru-laguntza bat jaso dugu udal aurrekontuetan, baina partida irekia izango da. Gehiago beharko balitz, zabaltzen saiatuko ginateke", adierazi du alkateak. "Pertsonen beharrei" erantzuteko aurreikusitako partidetan, bestalde, "lehen aldiz udal honetan", "gazteen emantzipazioa" sustatzeko eta alokairuen ordainketan laguntzeko partida bat ere izango da, 20.000 eurokoa. "65 urtetik gorako pertsonen egoera ezagutzeko galdetegi bat" martxan jartzera ere bideratuko da diru kopuru bat udaletik, beste neurri batzuen artean.

Datorren urterako aurrekontuetan jaso duten bigarren multzo nagusia da, hain zuzen, herriko entitateei zuzendutakoa; "kultura entitateak, entitate sozialak, kirol entitateak", eta abar. "Sail desberdinetan ez da inolako murrizketarik egingo. Hortaz, bere horretan mantenduko ditugu laguntzak", dio Alberdik.

Hirigintza eta proiektuak

Hirugarrenik, "inbertsio errealei" dagokienez, orotara, 462.000 euro bideratuko ditu udalak. Multzo honetan hirigintzara bideratutako zenbatekoa izango da esanguratsuena, 325.000 euroko inbertsioa egingo baita. Esate baterako, Aldamar kalean arrapala jartzea (46.000 euro) edota Haitzen konponketa lanak egitea (175.000 euro) da asmoa, baita zenbait udal eraikinetan saneamendu lanei ekitea (60.000 euro) eta herriko zenbait bide "hobetzea" (20.000 euro) ere. Txikiagoak diren beste hainbat lan ere aurreikusi dituzte udalean; boulderra eraikiko dute kiroldegian (5.000 euro), tokiz aldatuko dute ikasketa gela (beste 5.000 euro), eta "pertsona helduentzako ariketa guneen azterketa" egin ondoren, "beharra ikusten bada", 6.000 euro bideratuko dituzte egokitzapen lanetara.

"Ekipo eta materialen erosketarako" diru kopuru bat ere jaso dute inbertsio errealen partidetan, 6.000 eurokoa, beste batzuen artean, Musika Eskolak erabili ahal izango duena.

Bestetik, herrian "turismoaren inguruan hausnartzeko parte-hartze prozesua" egin ostean, ondorioei "heltzeko" konpromisoa agertu du udalak, eta horretarako sortu du 36.000 euroko partida bat. Tartean, "etxebizitza hutsen inguruko azterketa erreal bat" egingo dela adostu dute udal taldeek, 6.000 euroko aurrekontuarekin.

Inbertsio errealetarako partidetan, laugarren multzoa osatzen du Mundu Birari lotutako ekimenetarako finantzazioak (20.000 euro), eta bosgarren eta azkeneko multzoa, "proiektu desberdinen idazketak". Azkeneko horretan, adibide modura, jaso dute parke edo gune estali bat eraikitzeko aukeraren azterketa (10.000 euro), nahiz "klima aldaketari aurre egiteko plan" baten idazketa (20.000), "datozen urteetako esku-hartzeak zehazteko" alor horretan. Arau subsidiarioak berridazten hasteko asmoa ere badu udalak, eta 50.000 euro izango dira lan horretarako.

EH Bilduko zinegotzi Nahia Iturbek azpimarratu du udal talde horrek "saiakera berezia" egin duela "adostasun batera iritsi ahal izateko". EAJko bozeramaile Aitor Urrestik, bestetik, dio "kontuan izan" behar dela "COVID-19aren aurrekontuak" izango direla hurrengoak, eta "udalarentzako inbertsio onena" dela "herritarrengan inbertitzea".

(Dorleta Agiriano Lai)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide