"Bizipoza". Halaxe deskribatu du Oier Saizarrek (Getaria, 1977) duela lau urtetik beren etxean bizi den umeak urteotan eman diena. "Hunkitu egiten naiz", aitortu du. 2016an Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera familia proiektuan parte hartzea erabaki zuten hark eta haren bikoteakideak. 2 urte eta erdi zituen mutikoa iritsi zen orduan haien etxera, eta 7 urte beteko ditu haurrak hil honetan. Azkoitian bizi da familia, eta bikotearentzat "oso esperientzia aberasgarria" izan da proiektuan parte hartu izana.
Haur biologikoa izan beharrean, zuk eta zure bikotekideak erabaki zenuten harreran hartutako umearekin osatzea familia. Zergatik?
Bagenuen laguntzeko nahia, eta hitzaldi informatibo batera joan ginen. Barrua bigundu zitzaigun, eta pentsatu genuen: "Batzuek biologikoki izaten dituzte seme-alabak, beste batzuek adoptatu egiten dituzte, eta hauei ere aukera bat eman behar zaie". Horrelaxe berotu ginen, eta konturatzerako proiektuan parte hartzeko itxaron zerrendan geunden.
Bi harrera familia mota daude: larrialdikoa eta iraunkorra. Zer alde dago bataren eta bestearen artean?
Larrialdikoaren kasuan, umea harrera familia batean egonagatik, aukera egoten da oraindik guraso biologikoengana itzultzeko; hezitzaileek eta aldundikoek jarraipena egiten dute eta haiek erabakitzen dute hori komeni den ala ez. Haur batzuk gurasoengana itzultzen dira, baina beste kasu batzuetan erabakitzen dute hobe dela haurra harrerako familia batekin bizitzea. Kasu horietan, harrera familia iraunkor bat behar izaten da, haurra 18 urtera arte etxean hartzeko; adin nagusikoa denean, haurrak berak erabakitzen du harrerako familiarekin jarraitu nahi duen ala ez. Larrialdiko harrera familiek denbora laburragoan izaten dituzte etxean umeak, guraso biologikoekin itzuli edo beste familia bat aurkitu arte. Gu harrera iraunkorreko familia gara; hau da, harrerako haurra gurekin egongo da gutxienez 18 urte bete arte.
Bitarte horretan, guraso biologikoekin harremana izaten jarraitzen dute haurrek.
Hori da. Gure haurrak bi astean behin izaten ditu bisitak bere amarekin; aitarekin ez dauka harremanik. 18 urtera arte jarraituko du hitzorduak izaten, eta bisita horiek ahalik eta naturalen eramaten saiatzeko esan ziguten hezitzaileek. Gu ez gara bisita horietan egoten –aldundiko begiralea, ama eta umea egoten dira–, baina denborarekin, ama pixka bat ezagutu dugu eta elkar agurtu-eta egiten gara. Horrela, umeak ikusten du natural eramaten dugula kontua. Izan ere, harrerako umeek izaten dute fideltasun borroka bat: ez dute nahi izaten inorekin gaizki gelditu, ez familia biologikoarekin, ez harrerakoarekin. Horregatik, beraientzat ideala da ikustea elkarrekin hitz egiten dugula eta ondo moldatzen garela.
Zuek saiatu zarete hori horrela izan dadin, umearen onerako.
Bai, eta amak ere asko eskertzen digu hori. Ikusten du bere semea familia eder batean dagoela eta berak eman ezin izan dizkion gauzak gu ari garela ematen.
Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Hasieran, gogorra egin zitzaigun. Gure umea Oiartzungo familia batean egon zen lehenik, larrialdiko harrera familia batean. Gure etxera lekualdatzeko, egokitzapena egin behar izan genuen, sei astez edo, eta oso gogorra izan zen hori. Umeak banaketa asko bizi izan ditu: lehenik bere amarengandik banatu zen, gero egonkortasuna bilatu zuen larrialdiko familian zazpi bat hilabetez, eta gero beste banaketa bat bizi izan zuen. Hasieran, toki guztietan gu ondoan geundela ziurtatu behar izaten zuen. Gu galtzeko beldurra zuen; oso nabarmena zen. Denborarekin gainditu du, baina harrerako haurrek izaten dute abandonatzeko beldur hori.
Motxila bat ekarri ohi dute, beraz.
Agian, maitasun gehiago behar dute, beti hor zaudela ikusi behar dute... Baina aurreiritzi asko dago haien inguruan. Jendeak uste du harrerako umeak ez duela ume biologiko bat bezain sanoa izan behar, arazoak izango dituela hezkuntza nahiz portaera aldetik. Baina ingurura begiratzen duzu, eta guztiek izaten dituzte era bateko edo besteko arazoak: bai harrerakoek, bai biologikoek.
Dagoeneko ia bost urte igaro dira haurra zuekin dagoenetik. Ondo egokitu al zarete elkarrengana?
Bai. Oso gustura gaude, eta ikusten dugu berak ere asko egin duela aurrera. Sekulako bizipoza da umea guretzat.
Aldundiak Ikusgaitzak leloa aukeratu du harrera familien beharra azpimarratzeko aurten martxan jarri duen kanpainarako.
Zergatik uste duzu dela hain ikusezina harrerako umeen errealitatea?
Kanpainak-eta egiten dira, eta tarteka albistegietan azaltzen da harrerako familiak behar direla, baina informazio gutxi du jendeak. Uste dut beldur asko dagoela. Estereotipo asko daude: jendeak uste du harrerako umeek arazoak ekartzen dituztela, oso markatuta daudela izan duten haurtzaroagatik... Errazago jotzen du jendeak adopziora harrerako ume bat hartzera baino.
Jendeak, agian, gero haur horiek galduko ote dituen beldurra izango du; izan ere, 18 urte betetzean, beren bidea hauta dezakete.
Guk beti zera esaten dugu: umea gurekin egoten den denboran egoten dela, jasotako maitasuna eta ezagutzak hor geldituko zaizkio betirako. Penarekin gelditu beharrean, alde onari begiratu behar zaio: ume horri bere bizitzako urte eder batzuk eman dizkiozu, eta bestela, zuk harreran hartu izan ez bazenu, hor zehar ibiliko zen, galduta.
Galduta dauden umeei etorkizuna marrazten laguntzen al diete harrera familiek?
Bai, eta beren bizitzari zentzu bat ematen. Guraso bakoitzak arazo ezberdinak izaten ditu: batzuek portaera arazoak izaten dituzte, beste batzuek alkoholarekin... Denetarik egoten da, baina azkenean, galdutako umeak izaten dira, abandono handia bizi izandakoak. Ume bat harreran hartuz gero, egonkortasuna ematen diozu, eta horixe da behar dutena: maitasuna eta egonkortasuna. Bestela, sozialki baztertuta gelditzen dira.
Ez dugu erabakitzen zein etxetan jaiotzen garen, ezta?
Ez, horixe da egia. Gaur egun, familia eredu ezberdinak daude, eta harrera familiarena beste aukera bat da. Hezkuntza arloan ikusten dut zuloa; uste dut ahalegin bat egin behar dela familia eredu ezberdinak daudela ikusarazteko eta gaia normalizatzeko.
60 harrera familia behar dituzte Gipuzkoan
Arrazoi desberdinak tarteko beren gurasoekin bizi ezin duten haurrak etxean hartzeko familiak behar dira. Gipuzkoan, guztira, 60 haurrek behar dute familia bat. Harrera familia iraunkorrak behar dituzte; hau da, haurrak 18 urte bete arte etxean hartzeko prest daudenak. Gipuzkoako Foru Aldundiak Ikusgaitzak kanpaina jarri du martxan errealitate hori ikusarazteko. Informazio gehiago nahi duenak 943-11 25 22 telefonora deitu edo familiaharrera@gipuzkoa.eus helbidera idatz dezake.