Getariako Udalak herriko turismo jardueren inguruko hausnarketa prozesua jarri du martxan. Turismoari begirada berri bat ematea da asmoa, eta horretarako, ondare materiala, sektore ekonomikoak, kultura, bizimodua eta beste hainbat arlo aztertuko dituzte lehenbizi, ekintza plan estrategiko bat osatzeko ondoren.
Alde batetik, turismo jardueren inguruko diagnostiko bat osatuko dute, turismoaren balorea kuantifikatzeko eta turismoak herrian duen eraginaren inguruko datu errealak biltzeko. Getariako Udalak, ordea, Getariarekin eta getariarren bizimoduarekin jasangarria izango den turismo eredua bultzatzera bidean, garrantzizkotzat jo du turismoaren inguruko eragileen eta herritarren iritziak edo ekarpenak jasotzea. Lehenbiziko bilera turismoaren sektoreko eragileei zuzenduko diete. Azaroaren 2an elkartuko dira udaletxeko pleno aretoan, eta aurrez eragile horietako bakoitzari Bizibiziki aholkularitza enpresak gaiaren inguruan osatutako diagnostikoa banatuko diete, haunsarketa oinarri horretatik abiatzeko. Babexa Getariako merkatarien elkartearen eta Getabat ostalarien elkartearen bitartez egingo dute banaketa. Egungo errealitate turistikoaren egoeraz hausnartzeaz gain, aurrera begirako erronkak izango dituzte hizketagai lehen saio horretan.
Gainontzeko hiru bilerak herritarrekin egingo dituzte, eta bilera horietako bakoitzean gai ezberdinak mahai gaineratuko dituzte. Erabilera turistikoko etxebizitzak izango dituzte hizpide azaroaren 4an; kultur ondarea eta turismoa azaroaren 9an; eta, azkenik, merkataritzaren eta turismoaren gaiari helduko diote azaroaren 11n. Berdura plazan izango dira hiru saioak, 18:30etik 20:30ak bitarte. Udalak jakinarazi du prozesua aurrera eraman ahal izateko beharrezko babes neurriak hartuko dituela, eta neurri horiek bermatzeko ezinbestekoa izango dela aurrez izena ematea. Horretarako, Turismo Bulegora jo beharko dute herritarrek, izen-abizenak eman eta parte hartu nahi duten bilera zehaztera. Turismo bulegoaren infoturismo@getaria.eus helbidera idatzita edota 943-14 09 57 telefono zenbakira deituta ere eman ahal izango da izena.
Getariako udal gobernuaren esanetan, turismoak herrian dituen alde onak eta txarrak aztertuko dituzte, aurrera begira gaiaren inguruan erabaki zuzenak hartzeko. Era berean, Getariaz eta getariarrez kontatu nahi dena zalantzan jarriko dute. Besteak beste, Getariaz zer kontatu nahi den, getariarren bizimoduaz zer proiektatu nahi den, euskarak kalean duen presentzia eta erabilera… izango dituzte gogoeta egiteko gaiak, turismo plana Getariarekin eta getariarren bizitzaren bateragarria izan dadin. Bizikidetza hori etorkizun batean josten hasteko lehen pausoa izango da, udal gobernuaren arabera, haunsarketa prozesu hau.