Azaroaren 1ean hasi eta abenduaren 15era arte egongo da martxan Heldu Estatxa dinamika Getarian. Erosketa bonuak izango ditu oinarri kanpainak: getariarrek 15 euroan erosi ahal izango dituzte bonuak Turismo Bulegoan, baina txartelek sinbolizatutako 20 euro jasoko dituzte bueltan. Gero, Heldu Estatxan parte hartuko duten saltokietan gastatuko dituzte 20 euro horiek, produktuak nahiz zerbitzuak ordaintzerakoan.
Hurrengo astean jarriko dituzte salgai bonoak, esan bezala, Turismo Bulegoan. Ondorengo ordutegia du bulegoak: batetik, 09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:30era astearteetan eta ostiraletan, eta bestetik, 09:00etatik 13:00etara asteazkenetan, ostegunetan, larunbatetan eta igandetan. Izendatuta egongo dira txartelak, eta nahi adina eros daitezke. Guztira, 2.000 bonu egongo dira eskuragai.
Urriaren 13an ireki zuten izen-ematea, saltokiek inskripzioa egin zezaten. Azkenean 22 komertzio batu dira dinamikara: Gee Shops, Ganix Osteopatia, Getaka, Gluglu, Eskura Fisioterapia Zentroa, Maider Fisioterapia, Harritarte, Cetaria Get Salty, Sopas Argidenda, Sinequanon, Perloti, Berezi, Sahatsa, Salanort, Paki Edergintza, Lorea Ileapaindegia, Dreams Ileapaindegia, Portu, Ileargi Ileapaindegia, Izaskun Ileapaindegia, Donadoni eta Kote Ogi Berri.
Dirulaguntza
Babexa elkarteak eta Getariako Udalak jarri dute martxan Heldu Estatxa. Urriaren 10ean sinatu zuten hitzarmena Fernando Lopez Babexako kideak eta Haritz Alberdi Getariako alkateak: erosketa bonuen bidez, herriko saltokiek 10.000 euroko laguntza jasotzea adostu zuten. Hala, pandemia garaian ateak itxi behar izan dituen edota nolabait kaltetua izan den komertzio orok izan du dinamikan izena emateko aukera, hain zuzen, komertzio horiei laguntzea baita kanpaina honen helburua.