"Ezinezkoa izango da gaur egungo baldintza horietan irautea"

Miren Garate/Gipuzkoako Hitza 2020ko urriaren 23a

Moriako kanpalekua erre ostean, behin-behineko gune batera eraman dituzte hango errefuxiatuetako asko. Baldintzak oso txarrak direla dio Irati Azkue getariarrak. Haize handia, lokatza, lo egiteko arazoak eta abar aipatu ditu.

Zaporeak elkarteko komunikazio arduradun Irati Azkue. (Julene Frantzesena)

Irailaren 8ko gauean, kiskali egin zen Moriako (Grezia) errefuxiatuen kanpalekua, eta larrialdiko janari bilketa antolatu zuen Zaporeak elkarteak Euskal Herri osoan —Gipuzkoako 23 herrik hartu zuten parte, tartean Donostiak—. 100.000 kilo elikagai baino gehiago jaso zituzten, eta erantzunarekin pozik daude antolatzaileak. Hala ere, errefuxiatuen egoera oso larria dela nabarmendu du Irati Azkue (Getaria, 1981) komunikazio arduradunak.

Irailaren 25ean eta 26an eta urriaren 2an eta 3an janari bilketa egin zenuten Euskal Herri osoan. Zer balorazio egin duzue?

Oso ona. Larrialdi egoera bati tamainako erantzuna eman nahi genion, eta Euskal Herri osoan janari bilketa nazionala egiteko deialdia egin genuen, irailaren 25erako eta 26rako. Udal askok esan ziguten ez ziela denborarik ematen janari bilketa asteburu hartarako antolatzeko, eta ea posible zen hurrengo asteburuan ere egitea. Hala, urriaren 2an eta 3an ere egin genuen. 100.000 kilo elikagai baino gehiago jaso genituen, eta oraindik ere ari gara jasotzen. Bi asteburuetan ikaragarrizko eguraldi txarra egin zuen, baina jendeak sekulako erantzuna eman zuen. Babes ekonomikoa ere handia izan da, eta elikagai horiek guztiak helarazi ahal izango ditugu bidalketa egiteko adina diru lortu dugulako.

Moriako kanpalekua erre aurretik, egunean 1.700 otordu inguru banatzen zenituzten. Gertaera hark eraginda, ordea, 4.500 otordu banatzen hasi zineten. Zenbat ematen dituzue orain?

Lehengo neurrira itzuli gara, eta egunean 1.700-1.800 otordu kozinatzen ditugu. Moriako errefuxiatu esparrua kiskali zenean, 13.000 lagun kale gorrian geratu ziren, eta, errefuxiatuak errepide bazterrean ikusita, ahalik eta pertsona gehienengana iristeko ahaleginetan hasi ginen. Ordura arte, gure muga 2.000 otordutan zegoen, eta bat-batean 4.500 egiten hasi ginen. Janari horiek prestatzeaz gain, litro eta erdiko ur botilak banatzen genituen, zeren, egarri zirenez, errefuxiatuek etengabe eskatzen baitziguten ura.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko, egin klik hemen

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide