Fernando Magallaes portugaldarra buru zuen itsas armadak duela 500 urte egin zuen topo gerora Magallaes izendatuko zuten itsasartearekin, Txilen. Espedizioko kideek, hain zuzen, 1520. urteko urriaren 21ean aurkitu zuten Ozeano Atlantikoa eta Ozeano Barea lotzen zituen pasabide naturala. Urtebete lehenago, 1519an, irten ziren Sanlucar de Barramedako (Espainia) portutik.
Hilabete baino gehiago iraun zuen itsasartea zeharkatzeko "bidaia gogorrak", eta antza, espediziokideek azaroaren 28an lortu zuten haientzat "guztiz ezezaguna eta ikaragarria" izango zen Ozeano Barean sartzea. Armadaren parte ziren bost itsasontzietako bat, San Antonio, bidean galdu zuten.
Elkano Fundazioaren arabera, armada horretako kideek esan zuten ez zutela bidean "pertsonen arrastorik ikusi"; gau batean soilik egin zuten topo jendearekin. Itsasartearen inguruan bizi ziren Australeko antzinako herriak: besteak beste, kawesqarrak, aonikenkak edo selk'nam-ak. Ozeano Barera igaro eta Moluketarako bidea hartzea zen Magallaesen asmoa.
Testigantzak
Espedizioaren bidaia horretako bizipenak jaso eta "erakusketa txiki bat" sortu du orain Elkano Fundazioak, "efemeridearekin bat eginez". Urriaren 21etik azaroaren 28ra izan zen 1520ko zeharkaldia, eta 500 urte geroago, iraupen bera izango du bidaia hori oinarri hartuta osatu duten erakusketak. Hala, gaurtik hasita, Getariako Kote Ogi Berri okindegian (Elkano kalea, 7) egongo da ikusgai bilduma, datorren azaroaren 28ra arte.
Elkano Fundazioko kideek azaldu dutenez, espedizioko hainbat protagonistaren adierazpenak bildu dituzte erakusketan. Besteak beste, Antonio Pigaffetaren eta Gines de Mafra marinelaren testigantzak izango dira ikusgai Koten, baita Maximiliano Transilvano kronistarenak ere.