150 lagunek egin dute Getariako plaza-Zingira-Askizu-San Prudentzio ibilbidea

Onintza Lete Arrieta 2020ko urriaren 18a

Adin guztietako herritarrek hartu dute parte Mendi Astearen barruko hitzorduan, eta antolatzaileek azpimarratu dute talde txikiak mantentzeko antolaketa lan handia egiten aritu direla. Eguraldia lagun, paisaia ederrez gozatu dute ibilaldiko partaideek.

Talde txikietan banatuta eta eguzki epela lagun zutela egin dute gaur 150 herritar inguruk Getariako Udalak eta mendizale elkarteak proposatutako txangoa: plazatik irten eta galtzada bidetik gora jarraitu, hilerritik barna Zingirako bidea hartu, handik Askizura, han hamaiketakoa egin, eta San Prudentziotik barna, berriz herrigunera.

Adin guztietako herritarrak animatu dira, eta udal agintariak "harrituta" daude deialdiak eduki duen arrakastarekin. "Atzo lau orduko bilera egin genuen dena ondo antolatzeko eta, batez ere, taldeek elkarrekin topo ez egiteko. Lau minutuko tartearekin atera dira plazatik", azaldu dio HITZAri Ekaitz Esteban Kirol zinegotziak. Eta helburua lortu dute, ibilbidean taldeak elkarrengandik oso sakabanatuta ibili direlako, eta Askizun deskantsatzeko elkartu direnean, nor bere txokora bidali dituztelako azkar antolatzaileek, iritsi ahala. Salda beroa eta txorizo bokata ederra zituzten zain han, eta ohi bezala, oraingoan ere boluntarioek lan fina egin dute. Aizarnazabaldik ere joan dira bi emakumezko laguntzera. "Getariako mendi taldearekin ibiltzen gara, eta hau antolatuko zutela jakin genuenean, animatu egin ginen", kontatu dute umoretsu.

Umore onean ibili dira, bai, eta horretan izan du zerikusirik eguraldiak, aurreko egunetako euri eta hotzak uxatuta, eguzkitan herriko auzoak are ederrago baitzeuden gaur goiz eta eguerdi partean.

Herriko auzoetan barna egin duten ibilaldia Mendi Astearen barruan antolatu dute, eta gaur arratsaldean egongo da egitarauko azken ekitaldia. 18:30ean hasita, Harria Herria, Nebula, eta Cholitas filmak eskainiko dituzte Iturzaeta aretoan.

Ostegunean hasi zuten Mendi Astea, Eñaut Izagirre mendizalearen hitzaldia batekin. Jarrian, Incognita Patagonia: Abentura eta Zientzia filma eman zuten. Esteban zinegotziak azaldu duenez, 50 herritar bildu zituen hitzordu hark, eta pozik dago herritarrek emandako erantzunarekin. 

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide