Lan kolektibotik poz kolektibora

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urriaren 14a

Hamabost emakumezko bertsolariren bizipenak "teoria feministarekin gurutzatuta" kontatzen ditu Euskadi Saria irabazi berri duen Uxue Alberdiren 'Kontrako Eztarritik' lanak. Sariak "poz kolektiboa" sortu duela uste du Alberdik.

Gaur jakinarazi dute Uxue Alberdiri emango diotela aurten saiakerari dagokion Euskadi Saria. Hamabost emakume bertsolariren bizipenak eta sentipenak jaso zituen Alberdik 2019ko martxoan kaleratu zuen Kontrako eztarritik liburuan, eta lan horrengatik egin diote aitortza. Hain zuzen, ondoko bertsolarien bizipenak ageri dira: Amaia Agirrerenak, Ainhoa Agirreazaldegirenak, Maialen Akizurenak, Maddalen Arzallusenak, Onintza Enbeitarenak, Nerea Ibarzabalenak, Oihana Iguaranenak, Ane Labakarenak, Alaia Martinenak, Eli Pagolarenak, Jone Uriarenak, Oihana Bartrarenak, Maider Arregirenak, Miren Amurizarenak eta Miren Artetxerenak. Haien testigantzetan oinarrituta hainbat gai jorratuz osatu zuen liburua. Besteak beste, bazterkeria, ikusezintasuna, gutxiespena eta abar landu zituen. Hemen dago irakurgai liburua plazaratu zuenean Urola Kostako HITZAk egindako elkarrizketa.

Ezusteko handia izan da saria Alberdirentzt, eta "pozez" hartu du. Liburua "lan kolektibo bat" den aldetik, "poz kolektiboa" sortu duela uste du. Aitortzaren berri izatean "ekertza handia" sentitu du Getariako bizilagunak liburuan beraien testigantzak eman dituzten hamabost bertsolariekiko, baita pentsamendu feminista eraikitzen lagundu dioten bere aurreko feminista guztienganako ere.


Feminismoak zeharkatuta

Alberdiren arabera, Kontrako eztarritik lanean hamabost bertsolari horien bizipenak teoria feministarekin gurutzatuta ageri dira. Bertan 22 mekanismo identifikatu eta deskribatzen ditu,"emakumezkoen ahots publikoa oztopatzeko edo zapaltzeko martxan daudenak gaur egun".

Idazleak halako errelatoak argitara ateratzea garrantzitsua dela uste du, eta, zergatia galdetuta, "jaio garen sistemaren inguruan pentsatzeko" beharrezkoak direla dio. "Iruditzen zait liburu honen azpian badagoela tesi bat, esaten duena existitzen dela sistema bat, zeinak sortzen dituen gizonak eta emakumeak kategoria modura, eta beraien arteko harremanak produzitzen eta birproduzitzen dituen".


Birpentsatzearen mugak

Behar horren beste aldeari begira jarrita, ordea, idazle elgoibartarrari iruditzen zaio zapalkuntzak behartzen dituela emakumeak zapalkuntzaz beraz pentsatzera, "eta horrek ez du uzten askotan mundua pentsatzen". "Deigarria" egiten zaio Euskadi Sarirako hautagaien artean zenbat saiakera feminista izan diren, edo, saiakera arloan, orain arte sarituak izan diren bi emakumeen lanak Arantxa Urretabizkaiaren Bidean ikasia eta bere Kontrako eztarritik izatea. Biak dira genero zapalkuntzari lotuak.

Horrelako tresnak beharrezkoak izanagatik, Alberdiren aburuz emakumeen gain jartzen da desberdinkeriari buruz pentsatzeko zama guztia. "Eta bitartean, gizonak ari dira munduaz pentsatzen. Ari dira sortzen, besterik gabe". "Zama" moduan deskribatu du idazleak egin beharreko bidea: "libre sortzera iritsi behar izateko lehenengo pentsatu behar duzu zapalkuntza sistema oso bat". Hori bera "konfinamendu moduko zerbait" dela uste du Alberdik. "Behartzen gaitu gauza zehatz batzuetan pentsatzera, eta lasterketa bat hogei kilometro atzetik hastea bezalakoa da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide