Uxue Alberdi Getariako bizilagunak saiakeraren arloko Euskadi Literatur Saria jaso du, Kontrako eztarritik lana tarteko. Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak joan zen astean jakinarazi zituen arlo batzuetako saridunak, eta gaur ezagutarazi ditu beste lauak: tartean da Alberdiren izendapena.
Hamabost emakume bertsolariren bizipenak eta sentipenak jaso zituen Alberdik 2019ko martxoan kaleratu zuen Kontrako eztarritik liburuan, hala nola Amaia Agirrerenak, Ainhoa Agirreazaldegirenak, Maialen Akizurenak, Maddalen Arzallusenak, Onintza Enbeitarenak, Nerea Ibarzabalenak, Oihana Iguaranenak, Ane Labakarenak, Alaia Martinenak, Eli Pagolarenak eta Jone Uria, Oihana Bartra, Maider Arregirenak, Miren Amurizarenak nahiz Miren Artetxerenak. Haien testigantzetan oinarrituta hainbat gai jorratuz osatu zuen liburua. Besteak beste, bazterkeria, ikusezintasuna, gutxiespena eta abar landu zituen lanean.
Alberdiz gain, honako lan eta idazle hauek saritu dituzte aurtengo Euskadi LEiteratur Sarietan: Idoia Santamariak itzulpengintza saria jasoko du, Ingeborg Bachmannen Aldibereko lana euskaratzeagatik; Aixa de la Cruz idazleak jasoko du gaztelaniazko literaturako Euskadi Saria, Cambiar de idea lanagatik; eta Borja Barraguek gaztelaniazko saiakerakoa, Larga vida social a la democracia lanagatik.
Bestalde, joan zen astean honako saritu hauek jakinarazi zituen Jaurlaritzak: Euskarazko Narratiba Saria Karmele Jaiorentzat, Aitaren Etxea (Elkar) nobelagatik; Haur eta Gazte Literaturakoa Iñigo Astizek, Joemak eta polasak liburua tarteko; eta ilustrazioko saria Miren Asiainentzat, Un millon de ostras en lo alto de la montaña lanagatik.