2021eko ordenantza fiskalak onartu ditu Getariako Udalak

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urriaren 14a

(Dorleta Agiriano Lai)

Getariako udalbatzak ezohiko bilkura egin zuen atzo, asteartea, 2021. urteko ordenantza fiskalak onartzeko. Behin irizpenak eginda, bi planteamendu landu zituzten hautetsiek: udal gobernuaren (EH Bildu) proposamenak batetik, eta EAJk egindako zuzenketa proposamenak, bestetik. Puntuz puntu bozkatu zituzten guztiak.

11 zinegotzietatik bederatzi baino ez ziren izan atzoko saioan: udal gobernuko seiak, eta EAJko hiru. Izan ere, COVID-19arekin lotutako arrazoiak medio, EAJko bi ordezkari ezin izan ziren udalbatza-aretora bertaratu.

EH Bilduren proposamenak aurkeztu zituzten lehenengo, Nahia Iturberen eskutik. Lehenik eta behin, baina, Iturbek nabarmendu zuen, "pandemiak eragindako ondorioak leuntze" aldera, udal gobernuaren apustua izan dela "dirulaguntzak ematea behar duenari, irizpideak zehaztuta". "COVID-19ak ez die guztiei berdin eragin", zioen. Tasei eta zergei dagokienez, baina, ondorengo proposamenak egin zituen EH Bilduk:

  • Tasak eta zergak izoztea.
  • Etxebizitza turistikoak salbuespenetik atera eta etxebizitza huts kontsideratzea. Hortaz, etxebizitza hutsei jada ezartzen zaien gainordaina aplikatuko litzaieke etxebizitza turistikoei ere.
  • Obrak: irabazi asmoa izango luketen entitate eta norbanakoek egindako obretan %5eko tasa aplikatzea (irabazi asmorik gabekoen kasuan, %4,1eko tasa mantentzea).
  • Landako lehen sektoreko hobariak: bertako nekazari eta abeltzain txikiei dagokienez, batetik, instalazioetan edo instalazioak eraikitzeko egindako obretan %90eko hobaria aplikatzea. Bestetik, azoka zerbitzuen gaineko tasari lotuta, herriko plazan salmenta postua jartzeagatik %90eko hobaria izatea.
  • Udal Internet zerbitzua ordenantza fiskaletatik kentzea.
  • Hilerriko zerbitzuen tasa: batetik, 15 urteko erabilpenaren ostean, 5 edo 15 urteko luzapena eskatu ahal izatea nitxo bat erabiltzeko. Bestetik, panteoietako errautsak goizez edo arratsaldez ehorztea, kuota desberdinekin.
  • Musika Eskola: ahots teknikak lantzeko ikastaro berria gehitzea (35,75 euro).

Udal gobernuaren proposamen guztiak onartu ziren aho batez, bi izan ezik: EAJ abstenitu egin zen landako lehen sektoreko hobariei buruzko puntuetan eta ehorzketen inguruko puntuan.

 

 

EAJko bozeramaile Aitor Urrestik adierazi zuen udal gobernuaren planteamendua, "orokorrean, egokia" dela, "ñabardura batzuekin". Nabarmendu zuen, "COVID-19ak herrian izango duen eragina ikusita", "udaletik esfortzu berezia" egin beharko dela "sektore ekonomikoari eta herritarrei laguntza horiek eskaintzeko". "Gogorra izango da hurrengo urtea", esan zuen. Hala, EH Bilduk egin modura tasak eta zergak izoztea galdegiteaz gain, honako zuzenketa proposamenak egin zituen EAJk:

  • Ondasun Higiezinen gaineko zerga: COVID-19aren eragina jasan duten establezimenduei %25eko hobaria eskaintzea, etxebizitza batean jarduera ekonomikoren bat garatzen dutenei %50eko igoera ezartzea, eta etxebizitza alokairuan jartzen dutenei %25eko hobaria aplikatzea (alokairuan sartzen direnek 35 urte baino gutxiago badituzte, %30ekoa).
  • Trakzio mekanikodun ibilgailuen gaineko zerga: kargaren eta gaitasunen arabera, %25-50 arteko hobaria ezartzea traktore eta kamioiei, eta -%50eko hobaria aplikatzea, autonomoak izanik, euren jardun ekonomikorako ibilgailua behar dutenei.
  • Lurzoru publikoa okupatzegatik: jarduera ekonomikorako terraza behar dutenei %50 jaistea tasak.
  • Egokitzapenak TAO sisteman: 1,25 euroko tasa orduko, 10 eurokoa egun osorako, eta 15 euroko isuna ticketarekin edo 25 eurokoa ticketik gabe. Udako bonuari dagokionez (30 euro), irizpideak zehaztea; eskuratzeko aukera izatea bigarren etxebizitza Getarian dutenek, Getariako eremu urbanoan lan egiten dutenek eta herrian behar bereziak dituztenek.

EAJren zuzenketak puntuz puntu bozkatu zituzten zinegotziek. TAO sistemari lotutako zehaztapena aho batez onartu zuten, baina EH Bilduko sei hautetsien aurkako botoekin, atzera bota zituzten gainontzeko proposamen guztiak.

"Bidearen garrantzia"

"Bidea mahai gainean jartzea garrantzitsua dela uste dugu", azpimarratu zuen Alberdik batzarra hastean: "Puskatuta dut bihotza, arrazoi garbi bategatik". Uztaileko ohiko udalbatzarra ekarri zuen gogora alkateak; "dauden gaiak elkarrekin lantzeko" deia egin zuen EAJk, "hala nola, udal fiskalitatea edo tasak onartzerakoan". Orduko hartan adierazpen horiek "pozez" hartu zituztela dio Alberdik, baina "kontua hortxe gelditu" zela.

Izan ere, alkatearen arabera, EH Bilduk irailaren 10eko batzorde informatiboan eta irailaren 15eko batzordean aurkeztu zien hautetsi guztiei ordenantza fiskalei zegokien proposamena, eta udal gobernuaren asmoa baldin bazen ere planteamendua irailaren amaierako plenoan onartzea, "denbora" eskatu zuen EAJk. Hala, Alberdik kritikatu zuen, ordutik, EAJk proposamenik ez helarazi izana aurreko ostegunera arte, urriak 8, dagoeneko atzoko udalbatzarrerako deialdia eginda zegoenean. "Uztailean defendatzen ibili zineten, larrialdiko gaiak ez baziren, garaiz landuko zirela, eta ez azken momentuan", leporatu zion EAJri: "Hizkuntza desberdinetan hitz egiten dugula uste dut, eta hitza ematen dugula baina hori haizeak eramaten duela".

Urrestik adierazi zuen EAJri "lotsagarria" iruditu zitzaiola Alberdiren hitzartzea, "errespetu demokratiko baten barruan, behintzat": "Egia da elkarrekin lan egiteko gogoa bazegoela, eta badago gogo hori oraindik, kolaboratzeko hor egongo gara beti", gaineratu zuen. Gaitzetsi zuen EAJk ez duela erantzunik jaso berriki egindako zuzenketa proposamenen harira, eta eskatutako zenbait datu ez dituela jaso oraindik. "Ez da egia borondaterik ez dagoela, borondatea lehenengo unetik dago", gaineratu zuen.

 

Bestalde, hurrengo hitzorduei dagokienez, zinegotziek aho batez onartu zuten aurki presazko udalbatzar bat egitea, dirulaguntzen plan estrategikoan aldaketa bat egiteko. Hurrengo ohiko osoko bilkuran, aldiz, 2021eko aurrekontuak onartzea izango du helburu udal gobernuak. Dena den, Gipuzkoako Foru Aldundiak eskainitako foru funtsa zenbatekoa izango den zehazteke dago oraindik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide