Erosketa bonuen bidezko laguntza eskatzeko izen-ematea irekiko dute asteartean

Dorleta Agiriano Lai 2020ko urriaren 9a

Asteartetik ostiralera bitartean eman beharko dute izena 'Heldu Estatxa' dinamikan parte hartu nahi duten saltokiek. Gaur sinatu dute hitzarmena Getariako Udalak eta Babexa elkarteak, eta azaldu dutenez, pandemia garaian ateak itxi behar izan dituen edota nolabait kaltetua izan den komertzio orok eskatu ahal izango du laguntza. Getariarrek urriaren 19tik aurrera izango dituzte eskuragai erosketa bonuak.

Haritz Alberdi eta Fernando Lopez gaur, hitzarmena sinatzen. (Dorleta Agiriano Lai)

Martxan da Heldu Estatxa dinamika. Babexa elkarteak eta Getariako Udalak gaur sinatu dute hitzarmena: erosketa bonuen bidez, 10.000 euroko laguntza jasoko dute herriko saltokiek. 2.000 txarteletan banatuko dute zenbateko hori, eta 15 euro ordainduta, 20 euroko balioa izango duen bonua eskuratuko dute herritarrek. Gero, dinamikan parte hartzen ari diren saltokietan gastatu ahal izango dituzte txartel horiek.

Aurreneko urrats modura, datorren astean zabalduko dute izen-ematea, bonuen bidezko laguntza jaso nahi duten saltokiek izena eman dezaten. Babexako zuzendari Fernando Lopezek azpimarratu duenez, pandemia garaian ateak itxi behar izan dituen edota nolabait kaltetua izan den komertzio orok har dezake parte, elkarteko kide izan edo ez. Asteartetik ostiralera bitartean egin beharko dute inskripzioa, horretarako agiriak udaletxean jasota.

2.000 bonu

Behin parte-hartzaileen zerrenda osatuta, 2.000 txartelak banatuko dituzte guztien artean. Komertzio guztiei esleituko zaie bonu kopuru berdina. Gero, urriaren 19tik aurrera, Getariako Turismo Bulegoan eskuratuko dituzte txartel baliokideak Getariako herritarrek. Esan bezala, 15 euro ordaindu eta 20 euro jasoko dituzte, lau zatitan banatuta (5 euroko lau txartel). Hortaz, dagokion saltokian gastatuko dituzte gero 5 euroko bonu horiek.

Getariarrek urriaren amaierara arte izango dute txartelak erosteko aukera, eta saltegietan azaroaren hasieran jarriko dute martxan bonu bidezko erosketa. Hilabete eta erdi iraungo du dinamikak, abenduaren 15era arte. Getariako alkate Haritz Alberdik dei egin die herritarrei parte hartzera eta "bertako merkataritza sustatzen segitzera".

Hilabeteetako lana

Alberdik azaldu du joan den apiriletik egon dela mahai gainean bonu bidezko laguntzaren ideia, Babexako kide baten eskutik. Dena den, Lopezek gogorarazi duenez, konfinamendu garaia indarrean zegoen oraindik, eta saltoki asko itxita zeuden. Uda etorri zen gero, eta orduan ere ez zela une egokiena ebatzi zuten, "sasoi bat delako non lana izaten dugun". Horregatik, laguntza udazkenean eskaintzea erabaki zuten.

Azken hilabeteetan elkarlanean aritu dira udala eta Babexa, Alberdiren esanetan. Apirilean mahaira ateratako proposamenari forma ematen saiatu dira denbora horretan, eta inguruko udalerrietan abian izan diren antzeko dinamikak aztertu dituzte. Besteak beste, zenbait merkatari elkarterekin hitz egin dute, "haien iritziak jasotzeko eta zerk funtzionatu duen eta zerk ez galdetzeko". Lanketa horretatik sortu dute azkenean Heldu Estatxa, udazken honetan Getarian lur hartuko duena.

Getariako udalbatzak iraileko osoko bilkuran onartu zuen herriko merkatariei zuzendutako dirulaguntzak handitzea, erosketa bonuen bidez nahiz egokitzapen lanengatik izandako gastuei aurre egiteko laguntzen bidez.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide