Gipuzkoako Foru Aldundiak aurreko urteko udan onartu zuen Meagan biribilgunea egiteko proiektua. Horrekin batera, hiru autobus geltoki egitea eta oinezkoentzako bidegurutze bat eraikitzea ere erabaki zuen. Getariako Udalak 2017an aurkeztu zion aldundiari lan horiek egiteko proiektua, eta proposamena aztertu ostean, Diputatuen Kontseiluak 2019ko uztailean onetsi zuen egitasmoa.
Azkenean, duela hiru aste inguru jarri zituzten martxan obrak, eta Getariako Udalaren arabera, urtarrilean amaituko dituzte. Iazko udan, baina, aurreikusi zuten bost hilabete inguru iraun zezaketela lanek. Guztira, 587.660 euroko inbertsioa izango dute.
Errepide garrantzitsua
Bost metroko kanpo diametroa izango du unean eraikitze lanetan dagoen biribilguneak. Horretaz gain, baina, Aldundiak xehatu zuen zazpi metroko galtzada izango duela, baita hogei metroko diametroko barne irla bat eta 2,4 metroko diametroko koroa zapalgarri bat ere, Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu zuenez. Bestalde, oinezkoak alde batetik bestera igaro daitezen sortuko duten bidegurutzea "argiztatua eta semaforoduna" izango dela ere iragarri zuen.
Azken urteetan nahiko maiz itxi behar izan dute Zumaia eta Zarautz lotzen dituen errepidea, besteak beste, "itsasoaren egoeragatik" edota askotariko ekitaldiengatik, Mendozaren esanetan. Ondorioz, Meagako bidea (GI-2633 errepidean) sarri bilakatzen da aterabide ohikoena autobus zerbitzuentzat eta autoentzat, eta Getariako Udalak azpimarratu duenez, "trafiko handia" izaten da han zenbait egoeratan. Meaga inguruko bidegurutzea eta loturak antolatzeko asmoz eraikiko dute biribilgunea, beraz.
Gainera, auzoaren nolakotasunagatik eta egituraketagatik, autobusak han gelditzea "ez da segurua" gaur egun. Hala, getariarrek inguruko beste herri batzuetara mugitu behar izaten dute autobusez aldatu nahi badute. Lanak amaitzean, baina, geraleku bat izango da erabilgarri Meagan bertan.
Desjabetze prozesua
Gipuzkoako Diputatuen Kontseiluak proiektua onartu bezain pronto, "obra egin ahal izateko beharrezkoak diren lurrak eskuratzeko desjabetze prozesua" jarri zen martxan, Mendoza bozeramaileak iazko uztailean ohartarazi zuenez. Jakinarazi zuen izapide horiek bukatzean ekingo ziotela obrari.