Atzo, irailak 29, egin zuen iraileko ohiko osoko bilkura Getariako udalbatzak. Makibar eremua (Magallanes, Cristobal Balenciaga eta Herrerieta ingurua) izan zuten hizpide lehendabizi. Uztailean onartu zuten gune horretako hainbat lursail publiko bilakatzeko hitzarmena, zehazki, Cristobal Balenciaga kaleko 4. eta 6. eraikinen inguruko zatia. Dena den, aste honetan zehaztu dute Magallanes 1eko zein eremu egongo diren udalaren esku, eta zein, orain arte bezala, esku pribatuetan. Hala, aurreikusita ez zegoen beste lur zati bat bilakatuko dute publiko.
Horren ostean, hainbat dirulaguntzaren inguruan aritu ziren udaleko bi alderdiak, EH Bildu eta EAJ. 2020-2023rako osatutako plan estrategikoan hainbat aldaketa egitea eta zenbait lerrotan laguntzak handitzea erabaki zuten.
Alde batetik, 5.000 euro gehiago bideratuko ditu udalak Getariako Musika Eskolara, "amatasun-aitatasun eskubidea bermatzeko". Diru kopuru horren bidez beteko dituzte aurten langileen artean izan diren amatasun eta aitatasun bajak.
Bestetik, «herriko merkatari eta dendari txikiei» zuzendutako laguntzak jarriko ditu martxan, "COVID-19 pandemiaren ondorio ekonomikoei aurre egiteko" asmoz. Horretarako, Heldu Estatxa izeneko dinamikaren barruan, erosketa txartelak jarriko ditu eskuragai udalak, Babexa elkartearen eta herriko merkatarien eskutik. Bizilagunek bono horiek erabiltzea eta, modu horretan, "tokiko kontsumoa sustatzea" da egitasmoaren helburua. Hain zuzen, orotara, 10.000 euro bideratuko dituzte horretarako.
Beste lerro bati ere helduko dio udalak herriko negozioei dagokienez: azken hilabeteetan egokitzapenak egin behar izan dituzte hainbat saltokitan, pandemia dela eta, segurtasun eta osasun neurriak bete ahal izateko. Lan horiei lotuta izan dituzten gastuei aurre egiten laguntzeko, guztira, 35.000 euro bide- ratuko ditu udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
100.000 euroko dirupartida aurreikusi zuten "pandemiari aurre egiteko", eta hortik bideratuko dute onartu berri diren dirulaguntza berrietarako zenbatekoa.