Cristobal Balentziagari buruzko Nazioarteko I. Biltzarra antolatu dute urriaren 1ean eta 2an

Mireia Galarza 2020ko irailaren 29a

Lehenengo egunean goi mailako jostunaren alderdi biografikoa eta ondarea izango dituzte ardatz eta bigarren egunean, aldiz, Balentziagaren alderdi ekintzailea aztertuko dute. Izen ematea doakoa izango da.

Aurten bete dira 125 urte Cristobal Balentziaga jaio zenetik, eta hori ospatzeko, disenatzaile getariarraren izena hartzen duen museoak Balentziagaren inguruko Nazioarteko I. Biltzarra aurkeztu berri du. Antolatzaileek azaldu dutenez, urriaren 1ean eta 2an izango da, arratsaldez, eta biltzar birtuala izango da. 

Biltzar akademikoaren helburua da plataforma bat osatzea jostunaren irudiari eta ondareari buruzko lan eta ikerketa proposamen berritzaileak eta kalitatezkoak azaltzeko, bai eta diseinatzailearen kultura eta lan testuinguruak aztertzen dituzten ikerketak azaltzeko ere.

Horregatik, biltzarrean hamairu ikerketa proposamen izango dira, guztiak 2019ko urrian ikertzaileentzako call of papers deialdian jasotakoak. Balentziagaren inguruan ikertu duten adituek osatutako batzorde zientifikoak aukeratu ditu biltzarrean landuko diren ikerketa proposamenak.

Biltzarrean parte hartuko duten adituak akademiarekin, modarekin edo diseinuarekin lotuta dauden hizlariak izango dira, eta besteak beste, Kanadatik, Mexikotik edo Erresuma Batutik ariko dira. Gainera, irekierako hitzaldia Alexandra Palmer idazle eta moda munduko adituak emango du. 

Egitarau oparoa

Esan bezala, biltzarra bi egunetan izango da, eta horregatik, bi multzotan banatu dute edukia eta egitaraua bera ere. Lehenengo egunean goi mailako jostunaren alderdi biografikoa eta ondarea izango dituzte ardatz. Izan ere, antolatzaileek azaldu dutenez, Balentziagak bizitza profesional "luzea" izan zuen, eta, ondorioz, diseinatzailearen biografia aztertzea lan "konplexua" da.

Bigarren egunean, aldiz, Balentziagaren alderdi ekintzailea aztertuko dute. Atal horretan, diseinatzailearen ehun hornitzaile nabarmenetako batzuen hautaketaz solastuko dira, baita Europako zenbait hiritan Balentziagaren lizentzien salmentaz eta merkatuaren testuinguruaz ere. 

Biltzarreko azken zatian Balentziagaren obren konplexutasun teknikoa landuko dute, antolatzaileen arabera, Balentziagak sortutako estiloa esaten zaionaren atzean "iturri estetiko jakin batzuk" baitaude.

Antolatzaileek diotenez, "aldibereko interpretazioa" egongo da eskuragarri biltzarrean, eta ingelesez nahiz gaztelaniaz entzuteko aukera izango dute parte hartzaileek. Izen ematea doan izango da, eta esteka honetan egin beharko da interesa izanez gero.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide