Getariako Udaleko Kultura departamentuak hainbat ikastaro eta tailer antolatu ditu ikasturte berrirako. Euskara ikasteko aukera izango da, A1, A2 eta B1 mailetan. Ikasleek ordutegi malgua izango dutela jakitera eman du udalak; informazio gehiago jasotzeko, Alondegira jo beharko dute interesatuek.
Horrez gain, izena eman daiteke udaletxean Manuel Fernandesek eskainiko duen pintura ikastaroan. Inskripziorako azken eguna irailaren 24an izango da, eta egun berean ikastaroari buruzko informazio bilera egongo da, 18:30ean Alondegian.
Katukale ere martxan
Uxue Alberdi idazlea arduratuko da ikasturte honetan ere Katukale irakurle taldea dinamizatzeaz. Hilero-hilero liburu bat izango dute mintzagai taldeko kideek, eta bi hilean behin idazleren bat gonbidatuko dute. Lehenengo saioa irailaren 24an, ostegunean, izango da; Irene Soláren Nik kantatu eta dantza egiten du mendiak liburua izango dute mintzagai. Taldean parte hartzeko, udaletxean eman behar da izena.