Irailaren 15ean amaitu ziren hondartzetako zerbitzuak Getarian, eta udalak jakinarazi du, orokorrean, jendeak segurtasun distantzia mantentzen jakin izan duela. Dena den, nabarmendu dute aurten "jende asko" hurbildu dela hondartzetara; aurreko urteetan baino gehiago. Izan ere, udalak emandako datuen arabera, iaz behin bakarrik gainditu zen 1.500 pertsonako kopurua, eta aurten hiruzpalau aldiz.
Horrez gain, udala "gustura" dago herritarren babesa ziurtatzera bideratuta jarritako baliabideekin: pertsona bat kontratatu dute hondartzain lanetan jarduteko, komunak maizago garbitu dituzte, edukiera kontrolatzeko sensoreak jarri dituzte eta Gurutze Gorriarekin elkarlanean aritu dira.
Udalak nabarmendu nahi izan du aurten behar gehien duten pertsonei aparkaleku gehiago erreserbatu zaizkiela hondartzaren sarreran, eta erabiltzaileek "pozik" hartu dutela erabakia. Horrez gain, udan herritarrek moilaz gozatu dutela ere azpimarratu du udalak, eta herriko eremu hori "disfrute leku" bihurtzea pozgarritzat jo dute.
Bainu seguruen kostua
Azkenik, azpimarratu dute Gipuzkoan herri bakoitzak ordaindu behar izaten duela bainu segururako ezinbestekoa den sorospen zerbitzua. Getarian, aurten 138.000 euro kostatu da zerbitzuaren kontratazioa. Udalak gogorarazi du Gipuzkoako hainbat udalek (tartean Getariakoak) aldundiari kostua bere gain har dezan eskatu izan diotela. Alderaketa egiteko, udalak azaldu du Bizkaian 2012tik aldundiak hartzen dituela bere gain kostu horiek, eta jakitera eman dute "zerbitzuaren kalitatea jokoan" dagoela eta Getariarentzat "karga ekonomiko handia" dela.