Seigarren literatura lana plazaratu berri du Uxue Alberdi idazleak, Susa argitaletxearekin. Atzo aurkeztu zuen lana Donostian, Leire Lopez Susako editorearekin batera. Kontrazalaren arabera Dendaostekoak "kritika literarioa" bada ere, Elgoibarko idazleak azaldu zuen "hibrido sailkaezin" bat zela bere azken lana.
20 eta 21 urte zituztela Elgoibarko San Frantzisko kalean denda bat zabaltzea otu zitzaien bi ahizpari, eta haien bizipenak ditu hizpide Alberdik liburuan. "Denda bat" eta "garai bat" kontatzen ditu, Alberdik aurkezpenean azalduaren arabera. Horretarako, denda horretan 42 urte egin dituzten bi emakumeen bizipenak jasotzen aritu zen Alberdi, iazko urritik aurtengo martxora arte.
Dendaostekoak lanari buruz gehiago jakiteko aukera izango da urriaren 1ean, osteguna, Getarian. Herrian aurkeztuko du bere azken lana Alberdik, 19:00etatik aurrera Bista Onan. Alberdi eta Lopez ariko dira hizlari lanetan hitzordu horretan ere.